argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herriak 1.200 errefuxiatu jasoko ditu
  • Euskal Autonomia Erkidegora 1.000 lagun inguru iritsiko dira, eta 200 bat Nafarroara asteartean jakitera eman denez. Lurraldeka, ehunekoak ondorengoak dira: Bizkaian %52, Gipuzkoan %33 eta Araban %15.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko irailaren 10
Irailaren 12an, larunbata, errefuxiatuen aldeko nazioarteko eguna izango da

Errefuxiatuen etorrera kudeatzeko batzordea eratuko da, eta Gobernuz Kanpoko zenbait Erakunderekin bilduko da, Josu Erkoreka Eusko Jaularitzako bozeramaileak esan duenez.

Erkorekak esan du etorkinak “aparteko zailtasunik gabe eta baldintzarik egokienetan” hartzeko prest dagoela “gerra eta miseriatik ihes” egiten ari direlako.

Eusko Jaularitzako bozeramaileak gaineratu du Europar Batasunak Euskal Autonomia Erkidegoari 1.000 errefuxiatu baino gehiago hartzeko agindua ematen badio ez dela “guztiz kontra” agertuko.

Bestalde, Nafarroako agintariak ez daude ados jaso duten “informazio urriarekin”: Miguel Laparra Nafarroako Eskubide Sozialen presidenteordeak “frustrazioa” azaldu du.

Nafarroako herritarren partetik errefuxiatuekiko elkartasun keinuak

Uxue Barkos Nafarroako presidenteak esan du 100 pertsona jarri direla beraiekin kontaktuan, errefuxiatuei laguntza eskaintzeko, Euskalerria Irratiak aditzera eman duenez. Barkosek Nafarroako gizartearen “elkartasun azkarra” eskertu du.

Foru Erkidegoen etorkinei lagundu nahi dieten herritarrek 012 edo 948 01 20 12 telefonoetara dei dezakete, edota navarra@navarra.es helbidera idatzi.