Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoko lehenengo mailako ikasle guztiak ebaluatuko dituzte. Errepikatu behar dutela erabakiz gero, ikastetxeek administrazioaren baimena beharko dute.
Espainiako Hezkuntza ministerioak asteazkenean adostu du autonomia erkidegoekin ikasturte honetan haur hezkuntza, lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza eta batxilergoko lehen urteko ikasleek aurrera egitea, hau da, denek ikasturtea gainditzea, baina ez denak nota berarekin.
Irakasleek erabaki beharko dute ikasle bakoitzaren kalifikazioa lehen bi hiruhilekoetan ateratako notetatik abiatuta, alarma egoera ezarri aurreko hilabeteetan, klaseak presentzialak ziren bitartean egindako lana kontuan hartuz.
Hirugarren hiruhilekoa aintzat hartuko dute bakarrik ikaslearen onurarako bada
Hirugarren hiruhilekoa aintzat hartuko dute bakarrik ikaslearen onurarako bada. Azken ebaluazioak ikasle bakoitzaren txosten pertsonalizatua gehitu beharko du. Behar badira, horren arabera diseinatuko dira ezohiko ikasturte amaiera honek eraginda indarrean jarriko diren errefortzu planak.
Ezohiko kasuetan, ikasleak ikasturtea errepikatuko du, baina horretarako ikastetxeek administrazioaren baimena beharko dute.
Bestalde, udako oporretan ikastetxeak irekitzeko aukera zabalik da, hala eskatu ostean hezkuntzako adituek Espainiako Gobernuari. Atzean geratzeko arriskua duten ikasleak laguntzea du helburu neurri honek, eta boluntarioa izango da ikaslearentzat.
Errefortzu planak datorren ikasturtearen hasieran abiatuko dira, eta beraz, datorren ikasturterako aurreikusitako ikasgaiak murriztu beharko dira. Agintarien asmoa da espreski helburu hori beteko duten irakasleak kontratatzea.
Horixe da asteazkenean Espainiako Hezkuntza ministro Isabel Celaá eta autonomia erkidegoetako Hezkuntza sailburuek adostu dutena. Ikusmina handia zen asteazken honetako telebilera honen inguruan, klase presentzialak eten eta hilabetera erabaki baitute nola amaitu ikasturtea.
Klase presentzialen itzulerari buruz ez dute zehaztapenik egin.