argia.eus
INPRIMATU
Milaka ikaslek Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak hartu dituzte, IAk deitutako greban
  • Hezkuntza bi arazo handik zeharkatzen dutela adierazi dute IAk: "ideia erreakzionarioen" gorakadak eta "ikasleen egoeraren okertzeak". Mobilizazioaren deialdia hedatzeko, goizean errepide mozketak egin dituzte Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitateak Israelgo enpresekin duen kolaborazioa salatu dute.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko martxoaren 13a
Bilbokoa izan da mobilizaziorik handiena. Ikasle Abertzaleak

"Hezkuntza sistema sozialistaren" aldeko aldarrikapenez bete dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kaleak milaka ikasleek, Ikasle Abertzaleakek deituta. Hain zuzen, "jarrera erreakzionarioen" aurrean ikasleak "agente aktibo" bihurtzeko dei egin dute, "berandu izan baino lehen".

“Gorakada erreakzionarioaren aurka eta ikasle langileen interesen alde” antolatu dituzte mobilizazioak, azken aldian gizartean ematen ari den gorakada erreakzionariotik hezkuntza ez baita salbu, adierazi dutenez. Horren erakusle, bi adibide jarri dituzte: kurtsoaren hasieran Leioako kanpuseko Zuzenbide fakultatetik bere sare sozialetan mezu "faxistak, matxistak eta arrazistak" idazteagatik kanporatutako irakaslea eta duela gutxi EHUk ikertu baina kanporatu ez zuen Gasteizko Farmazia fakultateko irakaslea, gisa bereko mezuak zabaltzea egotzita sareetan.

Ikasleen egoerari dagokionez, azaldu dute euren egoera okertzen ari dela, batez ere ikasketa prozesuen garestitzeagatik eta lan kargaren igoerarengatik: matrikulen eta gastuen prezioekin dituzten arazoak aipatu dituzte, besteak beste, eta hori guztia gehien jasaten duena "ikasle pobreena" dela. Egoera horri aurre egiteko pairatzen duten "kontrol sozial gero eta handiagoa" dela ere salatu dute: "Independenteki antolatzen garenak gara erreprimituak, militantzia politikoa da erasotua".

Azken asteetako erasoak

"Gorakada erreakzionarioarekin" batera, Euskal Herriako hezkuntza zentroetan ikasleen aurkako erasoak areagotzen ari direla salatu dute ikasleek: azken bi asteetan hainbat ikasleri eginiko erasoengatik sei irakasle salatu direla gogorarazi dute, eta horren aurrean, gisa horretako erasoen "normalizazioa" saihesteko ikasleen antolakuntzaren beharra azpimarratu dute. Institutuetako zuzendaritza taldeen edota unibertsitateetako dekanotzen jarrera ere gaitzetsi dute: "Eraso hauek ezkutatzen saiatu dira, eta ez dituzte behar bezalako neurriak hartu".

Goizeko ekintzak

Goizean goiz ekin diete ikasleek mobilizazioaren deialdia luzatzeari. Horretarako, hainbat ekintza burutu dituzte lau hiriburuetan: Iruñean, Gasteizen eta Donostian errepide mozketak egin dituzte, eta Iruñerriko IAk jakinarazi du Iturramako institututik sei ikasle kanporatu dituztela goizeko ekintzetan. Bilbon, berriz, EHUk Israelgo enpresekin eta ikerketa zentroekin duen kolaborazioa salatu dute, iragan kurtso amaieran antolatutako kanpaldietan egin bezala.