2021eko lehen seihilekoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 16 eta 29 urte arteko %15,1 gazte zeuden emantzipatuta, eta Nafarroako %13,8; azken 23 urtetako tasarik baxuenak izan dira. Espainiako Gazteriaren Emantzipazio Behatokiak ateratako txostenaren arabera, bakarrik bizi den gazte bakoitzak soldataren %81,9 alokairuan xahutzen du, batez beste.
Espainiako Gazteriaren Emantzipazio Behatokiak 2021eko lehen seihilekoko datuen txostena argitaratu du ostegunean, eta mende honetako daturik txarrenak azaleratu ditu. EAEn 16 eta 29 urte bitarteko gazteen %15,1 besterik ez dago emantzipatuta; Nafarroan, gutxiago: %13,8. Espainiako Estatuko batez bestekoaren azpitik dago Hego Euskal Herria (%14,9koa da estatuan). 1998. urtetik ez zen erregistratu emantzipazio-tasa hain baxurik.
Tasa horiek gazteen prekaritatearen erakusle direla azpimarratu dute ikerketaren egileek. 2008ko krisiak gazteak gogor jo bazituen, 2020koak are gogorrago, “abiapuntua bera prekarioa baitzen”. Dokumentuaren arabera, lehen seihilekoan bost puntu igo da gazteen enplegu-tasa Espainiako Estatuan, baina behin-behinekotasun tasa ia sei puntu igo da. Hortaz, prekaritatea areagotu da eta, ondorioz, etxebizitza independentea izateko aukera murriztu.
Soldataren zatirik handiena alokairua ordaintzeko
Txostenak ondorioztatu du gazte bakoitzak soldataren %81,9 xahutu behar duela alokairuan, batez beste, bakarrik bizi nahi badu. Hori egin ezean, gehienez 29,3 metro karratu dituen pisu batera egokitu beharko luke.
Gazteriaren Kontseiluko presidente Elena Ruiz Cebrianek gazteek bakarrik bizitzeko duten ezintasuna salatu du: “Ez da belaunaldi honen erabakia edo moda 30 urte arte etxebizitza partekatzea edo familiaren etxean bizitzea. Higiezinen sektoreko baldintzen ondorio zuzena da, zeinak gazteak etengabe baztertzen baititu”.