Hego Euskal Herriko gazte langabezia datuen larritasunaz ohartarazi du ELA sindikatuak. Europar Batasuneko batez bestekoaren bikoitza da. EBn %18,5ekoa da eta hemen, berriz, %41,8koa. 2016ko egoera sozial eta ekonomikoaren inguruan sindikatuak plazaratu duen txostenaren datuak dira.
Datuak kezkatzeko modukoak dira, batez ere gazte langabeziari dagokionez: Nafarroan %38,1ekoa da eta EAEn %43,1ekoa. Europar Batasuneko sailkapenaren azken lekuetan kokatuta dago Hego Euskal Herria, Espainiar estatua (%41,9) eta Greziarekin (%44,2) batera.
Gainontzeko datuei dagokienez, 2016an enplegua sortu eta langabezia murriztu da, baina 2008ko krisialdiaren aurreko datuetatik oso urrun dago oraindik. Langabezia-tasa ordukoaren bikoitza da. Hego Euskal Herrian %12,8koa da, egoera okerragoan bakarrik Espainia (%19) eta Grezia (%22,8) daude. Europar batasuneko gainontzeko estatuen datuetatik asko aldentzen dira. Gainera, enpleguak gora egin arren, errentaren banaketaren ezberdintasunak areagotu egin dira.
ELAren arabera, enpleguaren kalitatea guztiz prekarioa da eta emakumeek, gazteek eta 55 urtetik gorakoek diskriminazio “bortitza” jasaten dute. Langabeziagatiko laguntzetara bideratutako gastuetan murrizketak egiten jarraitzen dute.
Sindikatuaren ustez “ulertezina” da egoera honetan herritarren bizi-baldintzak hobetuko dituzten neurriak ez hartzea. “Berdintasunean eta gizarte justizian oinarritutako gizarte eta ekonomia mailako alternatiba” sortzeko premia azpimarratu du.