argia.eus
INPRIMATU
Saltzen ez duten janaria eman beharko dute Hego Euskal Herriko jatetxe eta elikagaien banaketa-enpresek
  • Elikagaiak alferrik galtzea prebenitzeko legea eztabaidatuko dute Espainiako Diputatuen Kongresuan. Besteak beste, jatetxeak behartuta egongo dira bezeroei ematera jaten ez dituzten elikagaiak, eta zigorra jaso dezakete zerbitzu hori eskaini ezean.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 11

Hego Euskal Herriko elikagaien banaketa-enpresak eta jatetxeak zigortu egingo dituzte, saldu gabe geratzen zaien janaria ematen ez badute. Elikagaiak alferrik galtzea prebenitzeko legea eztabaidatuko dute ostegunean, Espainiako Diputatuen Kongresuan.

Araudi berriak lehentasunen hierarkia bat proposatu du, enpresek janaria ez galtzeko dituzten aukerekin. Elikagaiak doan ematea lehenetsi du. Esate baterako, jatetxeak behartuta egongo dira bezeroei jan ez dituzten elikagaiak doan ematera, eta horretarako berrerabilgarriak edo birziklatzeko errazak diren ontziak eduki beharko dituzte. Gainera, menuak aukeratzerako garaian malguagoak izatea eskatuko zaie, bezeroek hornigaiak edo plateren neurria erabaki ahal izateko.

Milioi erdirainoko isunak

Legea betetzen ez duten enpresak zigortu egingo dituzte. Hiru arau-hauste maila ezarri dituzte: arinak (2.000 euroraino), larriak (2.000 eta 60.000 euroren artean) eta oso larriak (500.000 euroraino). Arau hauste arina izango da, esaterako, soberan geratutako janaria ez ematea edota egoera zaurgarrian dauden pertsonei soberakinik ez ematea. Larrien artean, besteak beste, janaria banatzerakoan diskriminatzea dago. Arau-hauste oso larritzat jo dute bi urtean bi arau hauste larri egitea.