“Gaur egun, Hego Euskal Herriko ikastetxeetan lege arrotzak aplikatzen ari dira, ratioak handitzen, murrizketak egiten, nahi ez dugun ebaluazio sistema ezartzen, bururik gabe sortutako makro-zentroak zabaltzen…”. Euskal Eskola Publiko Berriaren jaian, gogor mintzatu da Bego Bitorika Sortzeneko koordinatzailea.
Azpimarratu du administrazioek ez diotela euskal eskola publiko berriari bide eman nahi eta "alderantzizko norabidean tiraka" ari direla.
Ezkor hasi zen hizketan Bitorika, Sortzen mugimenduak oraindik ez dituelako bete duela 25 urte jaio zenean zituen helburu nagusiak: hezkuntza sistema propioa lortzea eta sistema horren muina Euskal Eskola Publiko Berria izatea. Baina norabide horietan “pauso txikiak eta handiak eman dira, bai Sortzen elkartetik bai hezkuntza mugimendutik”, gaineratu zuen; “eskola berri eta parte-hartzailearen bidean dinamika andana piztu ditu Sortzenek”.
Mende laurdena eta gero, berdin?
Baten batek pentsatu dezake “25 urteetan gauza asko egin bai, baina euskal eskola publikoak antzeko jarraitzen duela. Gure iritziz ordea, ez da horrela. Hezkuntza sistema jendartearen sorlekua da. Sistema bizia da; egoera, inguru, kultur eta pertsonen artean etengabeko bibrazioan dagoena. Eta hezkuntza komunitateak egoera horien aurrean formulak bilatzen ditu egunero”.
Duela 25 urteko helburuak berretsiz eta gure hezkuntza sistema bermatuko duen marko legal propioa aldarrikatuz amaitu zuen diskurtsoa Bitorikak. “Elkarrekin ekinez egoera iraultzea posible dela sinetsita gaude; harriak batuz, mugarriak jarri. Eskola berria eraiki, eskolharria, biharko herria!”.