argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herrian PSOE irabazle, EH Bildu gora, eta EAJ amilduta
  • Herrialdeka, PSOE nagusi izan da Nafarroan, Araban eta Bizkaian, eta EH Bildu Gipuzkoan. Parte hartzeak gutxigatik gainditu du %50a. Eskuina eta eskuin muturra indartuta atera dira.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko ekainaren 10a
PSE-EEko Eneko Anduezak emaitzak ospatu ditu.

300.178 boto eskuratu ditu PSOEk Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Orain Errepublikak 276.780; CEUSek 202.791; eta PPk 172.838. Voxek (40.579) ozta-ozta baina gainditu egin ditu Sumar (38.487) eta Podemos (36.124). Eskuin muturrreko Albise Pérezen Bukatu da Festa hautagaitzak 22.978 boto eskuratu ditu.

Ez da erraza Europar Batasuneko aurreko hauteskundeekin alderaketa egitea boto kopuruan oinarrituta, 2019an parte hartzea handiagoa izan baitzen beste hauteskunde batzuekin batera egin zirelako, eta aurrekoak orain hamar urtekoak direlako (2014). Hori bai, 2019an EAJ izan zen garaile argia (406.00), bigarren PSOE (306.00) eta hirugarren oso gertutik EH Bildu (300.00). Deigarriena, alderaketa horretan, EAJk lehen postu nabarmenetik hirugarren postura egin duela da. Boto portzentaian, %27tik %17ra pasa da.

Herrialdeka

Herrialdeka, Nafarroan PSOEk (74.861) garaipena erdietsi du PPren aurrean (72.856), UPNko bozkatzaileak PPra modu orokortuan joan ez diren seinale. Orain Errepublikak hirugarren (48.762). Voxek 17.238 boto lortu ditu, Sumar (10.017) eta Podemosen (8.394) baturak ematen duena baino mila boz gutxiago. EAJren CEUS 8.230 bototan geratu da.

Araban ere PSOE gailendu da (36.280), bigarren postuan geratu den Orain Errepublikak koalizioari alde handia aterata (26.933). PPk (22.201) EAJ gailendu du (19.122).

Bizkaiari dagokionez, PSOEk (122.087) aurre hartu dio CEUSi (117.784), eta bien ez da oso urrun geratu Orain Errepublikak (104.845).

Gipuzkoan EH Bildu (96.133) alde handiz izan da garaile, bigarren PSOE geratu da (66.717), eta EAJ hirugarren (57.626).

Hiriburuak eta parte hartzea

Hiriburuei dagokionez, Iruñean PPk (%30,74) lau puntuko aldea atera dio PSOEri (%26,24 ), herrialdean gailentzeko balio izan ez badio ere. Hirugarrena Orain Errepublikak izan da (%18,74), eta laugarren Vox, oso urrunetik (%5,80 ).

Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan PSOE izan da nagusi.

Gasteizen, PSOEk (%30,92) 11 puntu atera dizkio PPri. Eta popularrekin ia berdinduta geratu da EH Bildu, EAJ laugarren postuan sei puntura utzita.

Bilbon ere PSOE nagusi (%27,68 ), kasu honetan EAJren gainetik (%23,15 ). Orain Errepublikak hirugarren postua lortu du (%16,58 ), eta PP oso gertu geratu zaio (%15,62).

Donostian azkenik, PSOEk (%27,48) lau puntu atera dizkio EH Bilduri (%23,84). EAJ izan da hirugarren (%17,78 ), eta hurbil geratu zaio PP (%15,13).

Parte hartzea %50aren inguruan mugitu da: Nafarroan abstentzioa %47,23koa izan da; Araban %50,14; Bizkaian %48,31; eta Gipuzkoan %49,90.