argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herrian etxebizitzen %30 hipoteken pean dago
  • Hego Euskal Herrian 1.169.900 etxebizitza zenbatu ditu Espainiako Estatistika Institutuak 2020an. Hauetatik 617.300 (%52,76) norberaren jabetzakoak dira, hau da, erabat ordaindutakoak edo herentziaz jasotakoak eta beste 57.800 (%4,94) etxebizitza doaintzan jasotakoak dira. Hilero ordaindu beharreko etxebizitzak 494.700 (%42,28) dira: hauetatik 351.100 (etxebizitza guztien %30,01) etxebizitza dira hipoteken menpe daudenak eta 143.600 (etxebizitza guztien %12,27) etxebizitza alokairuan. 2020an aurreko urtearekiko gora egin dute hipotekatutako etxe kopuruek eta behera alokairuak.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2021eko apirilaren 13a

2020an, aurreko urtearekin alderatuta, hipoteka zuten etxeek gora egin zuten eta alokairuak, aldiz, behera. Joera hori orokorra izan da Hego Euskal Herrian, beheko grafikek erakusten dutenez.

Baina alokairuaren aukeran badu pisua herritarren jatorriak. Espainiako Estatistika Insitutuak (INE) ez du aldagai hau autonomia erkidegoka eman, eta estatu osoan, kideren bat estatutik kanpo jaioa zuten etxeen %56 bizi ziren errentan. Aldiz, kide guztiak estatuan jaioak dituzten etxeen %11,7 ziren errentan bizi zirenak.

Nafarroako grafikoan ikusten da 2013tik urtez urte izandako bilakaera. Marra laranjak norberaren jabetzako etxebizitza kopuruak adierazten ditu, marra marraioak hipotekadun etxebizitzak eta marra berdeak alokairuko etxebizitzak.

Nafarroako etxebizitzen datuen bilakaera urtez urte.

EAEn bilakaera oso antzerakoa izan da azken urtean:

EAEko bilakaera urtez urte.
Autonomia erkidegoka, hauek dira datuak:

Nafarroan guztira 258.800 etxebizitza zenbatu ditu Espainiako Estatistika Institutuak (INE) etxebizitzei buruz egin duen azterketak. Datu hauen arabera, 136.900 (%52,89) etxebizitza norberaren jabetzakoak dira, hau da, erabat ordaindutakoak edo herentziaz jasotakoak. Beste 75.300 etxebizitza (%29) hipoteken menpe daude. Alokairuan bizi diren etxeak 33.100 (%12,78) dira eta doaintzan jasotakoak 13.400 (%5,17).

EAEn guztira 911.100 etxebizitza zenbatu ditu inkesta berak. Hauetatik 480.400 (%52,72) etxebizitza norberaren jabetzakoak dira, 275.800 (%30,27) etxebizitza hipoteka ordaintzen ari direnena, 110.500 (%12,12) alokairuan bizi direnena eta 44.400 (%4,49) doaintzan jasotakoak.

Datuen iturria: Espainiako Estatistika Institutua (INE), 2020ko datuak.