Hona hemen Europako mapa bat gure familia eta lagunarteetan behin bederen aipatua izan beharko lukeena, edo ez bederen maskararen erabilgarritasunaz aritu garenean baino gutxiagotan. Zeren eta mapa hau egia baldin bada –eta Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC ingelesezko sigletan) bermatutako zifretan oinarritzen da–, orduan Hegoaldeko euskaldunok benetan kezkatuta eduki behar baikintuzke.
Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak (ECDC ingelesezko sigletan) astero laburbiltzen ditu koronabirusaren hedatzeak Mendebaldeko Europako herrialdeetan emandako datuak, hauek herritarrak hobeto uler ditzan mapa argitan irudiztatuz. Europar Batasunaren baitako erakundea izaki, EBean eta Europako Ingurumen Agentzian biltzen diren herrialdeetako informazioak laburbiltzen ditu, Erresuma Batukoak barne. COVID-19ak daraman abiadaren eta une bakoitzeko egoeraren argazkia eskaintzen du. Azkenean ageri da Mendebaldeko Europako eskualdeen egoera irailaren 10aren aurreko bi asteetakoak –2020ko 35 eta 36.ekoak– biltzen dituena: koronabirus kasuak (ofizialki bermatuak) 100.000 biztanleko. Kontua da, ordea, ea mapa horren koloreak diren egokienak EAE, Nafarroa eta oro har Espainiako datuak erakusteko.
ECDCren kartan bost kolore-tonalitatetik bat ematen zaio eskualde bakoitzari: urdina azken bi asteetan COVID-19 kasu bakar bat eduki ez badu eta horitik marroi ilunera arteko lau tonutako bat segun eta eduki dituen 100.000 biztanletik 20 kasu baino gutxiago, 20 eta 59,9 artean, 60 eta 119,9 artean edo 120tik gora. Horregatik, azken mapa horrela ikusten da:
Baina zer gertatzen da COVID-19aren bigarren beroaldian okerren dabilen Espainiarekin, hego-euskaldunok barne? Marroi iluna aplikatzen den gutxieneko 120 kasuetatik oso gora dagoela. Espainiako Estatuak bere osotasunean gaur bertan –irailak 16– aurreko 14 egunetan metatuta zeramatzan 100.000 biztanleko 181 kasu. Eta guk? EAEri dagokionez, Osakidetzaren gaurko buletinean aipatzen dira 156 kasu metatuak... baina 7 egunetan. 14 egunetan askoz gehiago, noski.
Twitterrez Federico Castillo Alvarezek (@fedefedeson) zabaldu duen mapa baten eskaintzen du ECDCren mapa hobetu bat, La mirada del mendigo blogari hartu diona (aitortuta): kolore marroia mugatuz 120 eta 200 kasu arte dauzkaten eskualdeei, gorriz margotu ditu 200 eta 350 artekoak, arroxa ilunez 250 eta 550 artekoak eta urdin ilunez 550tik gora kasu dauzkatenak. Beti ere ECDCk bere web oparoan eskaintzen dituen datu ofizialetan oinarrituta.
ECDCren mapak garbi uzten badu Espainiak eta tartean Hego Euskal Herriak daukaten egoera txarra Europaren barruan, La mirada del mendigok egindako hobekuntzarekin nabarmenago geratzen da EAEn eta Nafarroan bizi dugun egoera larria. Gure hedabide guztietan behin bederen agertu beharko genukeena, beste hamaika eztabaidetako bakoitza bere lekuan jartzeko.