argia.eus
INPRIMATU
“Haserre gaude” protestak jarraipen zabala izan du antolatzaileen arabera
  • ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek gaurko deituta zuten Haserre gaude lelopeko grebak segimendu handia izan du etxeetan eta lantokietan, antolatzaileen arabera. Sindikatuek osasuna, enplegua eta lan baldintzak defendatzearen alde borrokatzera deitu dute.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 27a

ELAren esanetan, "langileok haserre daude beren osasuna arriskuan jartzen ari direlako”. Osasungintzako langileak garbitzaileekin batera manifestatu dira Gurutzetako ospitalean, eta egoitzetako langileek, anbulantziakoek edo supermerkatuetakoek pairatzen duten egoera zaila aditzera eman dute.

Grebak hainbat sektoretan oihartzuna izan du; besteak beste, industriako hainbat lantegitako beharginak mobilizatu dira. Sindikatuek aditzera eman dutenez, langileak haserre daude beren osasuna  lanpostuak eta lan baldintzak arriskuan jartzen ari direlako: “Haserre gaudela erakusten ari gara goizetik”.

Hauxe ere esan dute: “Beharrezkoa da osasuna, enplegua eta lan baldintzak lehen lerroan jartzea, eta hori da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Confebask eta CENi eskatzen dioguna”.

Hona sindikatuek eskatzen duten puntu zenbait:

– Oinarrizko zerbitzuetan beharrezkoak eta efektiboak diren neurri prebentiboak ezartzea.

– Oinarrizkoak ez diren lan guztiak bertan behera uztea.

– Enplegua ziurtatzea

– Lan baldintzak bermatzea.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk adierazi duenez, lantokietan eta norberak bere etxean haserrea erakusteko eguna izan da gaurkoa: "Ezinbestekoa da herritarron presioa handitzea eta osasuna lehenesteko momentua dela argi uztea".

Enpresen ardura soziala non dagoen galdetu du Garbiñe Aranburuk. “Enpresa handien interesak defendatzen dituzten CEOE, Confebask, CEN patronalek ez dutela inongo ardurarik hartzen” salatu du.

Patronalak krisia langileek eta kutxa publikoak ordain dezatela nahi duela berretsi du. “Iñigo Urkullu lehendakariaren diskurtsoa patronalaren diskurtso bera da”, nabarmendu du, baita patronalaren bozeramailea ematen duela esan ere.