argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herriko bost gaztetik bat emantzipatu da soilik
  • 16 eta 30 urte bitarteko gazteen %18,5 emantzipatu da EAEn eta %23,2 Nafarroan, Espainiako Gazte Kontseiluak (CJE) argitaratu berri duen txostenaren arabera. EAEko datua Espainiar Estatuko baxuena da.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko abuztuaren 23a

Gehiago dira etxebizitza propioan edo alokairuan bizi diren adin tarte horretako emakumeak, gizonezkoak baino, bi erkidegoetan. 30 eta 34 urte artean dituztenei dagokienez, %83,7k bere kabuz ordaintzen duen etxebizitza du Nafarroan; EAEn aldiz %72,3k.

Aktibitate-tasei dagokienean, EAEko gazteen (16 eta 30 urte artean) %36,2k lana du, eta %19,1 dago langabezian. Gainontzeko %44,6 biztanleria ez-aktiboa da. Nafarroako gazteen artean ostera, %47,2 da ez-aktiboa, %34,4k lanpostua du eta %18,2k ez du lanik aurkitzerik izan. Lanpostua duten 30 urtetik beherako gazteen ia erdiak behin-behineko kontratua du, bai Nafarroan (%45,7) eta baita EAEn (%47,9) ere.

Lana eta ikasketak

Hego Euskal Herrian, 30 urte baino gutxiago dituzteen biztanle ez-aktiboen artean, hamarretik bederatzi ikasleak dira. Ikasketa-mailari erreparatuz gero, 16 eta 30 urte bitarteko nafarren artean, goi-mailako ikasketak dituztenek lanpostua lortzeko aukera handiagoa dute (%73)  soilik bigarren mailako ikasketak dituztenek baino (%40,5).

Aldiz, 30 eta 34 urte bitartekoen kasuan bestelakoa da joera. Derrigorrezko ikasketak bakarrik egin dituztenen artean %95,4koa da enplegu-tasa, eta %89koa goi-mailakoak egin dituztenen artean.

EAEn bestalde, adin tartea edozein dela ere, enplegu-tasa handiagoa da goi-mailako ikasketak dituzten gazteen kasuan, eta ikasketa-maila jaitsi ahala portzentajea txikiagotzen da.

Nafarroako eta EAEko txostenak osorik kontsulta daitezke CJEren webgunean.