argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herrian 66 pertsona hil dira beroagatik abuztuan
  • Espainiako Estatuan 1.386 pertsona hil dira gehiegizko beroagatik abuztuan –iazko abuztuan baino %3 gehiago–, Osasun Ministerioaren Carlos III. Institutuak emandako datuen arabera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 44 lagun hil dira, eta Nafarroan 22.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 03a
Hainbat ikerketak erakutsi duenez, beroaren ondorioak gogorragoak dira auzo pobreetan, aberatsetan baino. / Miguel Angel Prieto Ciudad

Heriotza gehien abuztuaren lehen hamabostaldian gertatu dira Espainiako Estatuan. 810 emakume hil dira, eta 577 gizon. Ia guztiek (1.339) 65 urtetik gora zituzten.

Hain justu, abuztuaren 22an ikerketa baten emaitzen berri eman genuen: beroak adinekoen heriotza hirukoiztuko du Europan 2100. urterako. Hori da Europako Batzordeko Ikerketa Zentro Bateratuak ondorioztatu duena, baldin eta betetzen badira gaur egun berotzearen handitzeari buruz dauden aurreikuspenak. Eta NBEren arabera, mende amaierarako tenperaturak hiru graduko igoera izango du XX. mende hasierarekin konparatuta.

Carlos III. institutuko ikerlari Inmaculada León-Gómezen hitzetan, emaitzak epe luzeagora aztertzen dira, baina "ziurtatzerik ez dagoen arren, badirudi goranzko joera dagoela, beroari egotzi dakiokeen heriotza-tasari dagokionez". Gaineratu du prebentzio neurriak hartzen ari diren arren, beroa "nahikoa muturrekoa" izaten ari dela beste urte batzuekin alderatuta. Tenperatura handiagoak izateak ez du esan nahi, hala ere, heriotza gehiago gertatuko denik. Esaterako, 2003an, batez besteko tenperatura 23,6 gradukoa izanik, 12.919 lagun hil ziren beroagatik. Bi hamarkada geroago, antzeko batezbestekoarekin, heriotza kopurua %83 murriztu zen.

Auzo pobreetan, eragin handiagoa

Ikerlariak uste du herritarrak tenperatura altuei egokitzen joango direla pixkanaka, baina igoera hain handia izanik, zaila gertatuko zaiola hainbati, zaurgarrienei bereziki, 65 urtetik gorakoei, kasu. Egoera ekonomikoak ere badu loturarik heriotza-tasarekin; hainbat ikerketak erakutsi duen moduan, beroaren eragina handiagoa da auzo pobreetan aberatsetan baino. Institutuko irakasle Julio Díazek El Español agerkariari emandako elkarrizketa batean zioenez, "ez da gauza bera bero-olatu bat aire egokiturik gabeko gela batean igarotzea, edo igerilekudun etxe bat izatea".