argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herriak du Espainiako Estatuko etxegabe gehien biztanleko, INIren arabera
  • 100.000 biztanleko 529 herritarrek ez dute etxerik Hego Euskal Herrian eta, aterpe ofizialetan, bestelako elkarteen aterpeetan, edo lotarako aurreikusita ez dagoen beste lekuren batean egiten dute lo. Datuek erakusten dutenez, 2010etik gaurdaino etxegabekoen kopurua bikoiztu egin da EAEn.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko urriaren 20a
Argazkia: El Plural

Etxerik gabekoek ezaugarri ugari dituzte, baina nagusiki gizonezkoak dira, migratzaileak, 45 urtetik beherakoak eta haietako askok depresioa dute. Beste datu esanguratsua da, oro har, etxegabekoen kopurua asko hazi dela azken hamarkadan, EAEko kasuan ia bikoizteraino. Inkesta bidez egin da ikerketa, 20.000 pertsonatik gorako herrietan azken astean lotarako edo jateko arreta zentroak erabili dituzten pertsonei galdetuz. EAEko kasuan ikerketa Eustatek egin du.

Bildutako datuen arabera, Ceuta da Espainiako Estatuan etxegabe gehien duen erkidegoa (100.000 biztanleko 391 pertsona), ondoren EAE 315 pertsonarekin, eta gero Nafarroa 214rekin. 2012an 2.090 pertsona ziren etxegabekoak eta gaur egun 4.456. Horien artean %72 atzerritarra da egun eta 2012an %60.

Lurraldeka begiratuz, Bizkaiko zentroetan izan dira artatze kopuru handienak (%43), bereziki Bilbon. Gipuzkoako etxegabe gehien Donostian daude, %43, eta Araban guztiak Gasteizen. Azken hamarkada erabilita erreferentzia gisa, Gipuzkoan hazi dira gehien etxegabeen kopurua (%180), gero Araban (%132,3) eta azkenik Bizkaian (%70,9). Adinari dagokionez, beti ere EAEn artatutakoen artean, 18-29ko adin taldea da nagusi (%37), ondoren 30-44koa (%32), gero 45-64koa (%27) eta, azkenik, 65etik gorakoa (%2).

Eta zerk eraman ditu etxerik gabe geratzera? 2012an batez ere erantzuten zuten lanik gabe geratu izanak eraman zituela egoera horretara; 2022an, aldiz, arrazoi nagusia da migratu ondoren zerotik hasi beharra, eta gehiengo zabalaren arabera lana izatea giltzarri litzateke egoera horretatik ateratzeko. Ikerketa oso zabala da eta EAEko datuak Eustaten kontsulta daitezke eta estatukoak INIn.