Barrenetik zulatzen zaitut: 8 ahots itsasertzetik poesia antologia elebiduna argitaratu berri du Liberoamerika argitaletxeak. Ekuador, Mexiko eta Argentinako lau poeta eta Euskal Herriko lau itzultzaile elkartu dituzte. Martxoaren 30ean aurkeztuko dute jendaurrean.
Zortzi ahots, nor bere itsasertzetik hizketan jaso ditu Liberoamerika argitaletxeak Barrenetik zulatzen zaitut: 8 ahots itsasertzetik poesia antologia elebidunean. Ekuador, Mexiko eta Argentinatik aritu dira Yanina Giglio, Sara Montaño, Denise Griffith eta Ingrid Bringas poetak, eta Euskal Herritik itzultzaileak. “Bi hizkuntza diruditen hamaika lengoaia desberdin darabiltzate”, argitaletxearen hitzetan.
Hauxe da 2019an abiatu zuten Liberoamerika argitaletxearen bigarren liburua. 2020an Izotzetan islatuak. Euskal idazle gazteen bilduma antologia argitaratu zuen argitaletxeak, 24 idazle gazteren testuekin osatutako bilduma.
Azaldu dutenez, “elkarrizketa ikusezin baina ukigarri bat sortu nahi du liburu honek jatorrizkoaren eta itzulpenaren artean”. Horretarako,errealitate eta hizkuntza desberdinak bizi dituzten zortzi emakume bildu dituzte.
Bikoteka aritu dira poetak eta itzultzaileak. Batetik, Yanina Giglio poeta (Buenos Aires, 1984) eta Leire Vargas itzultzailea (Durango, 2002) elkartu dituzte. Hamabi urtez hegazkinetako laguntzaile gisa aritu ostean, 2016an Odelia editora sortu zuen Gigliok, beste sei emakumerekin batera. Poesia nahiz narratiba landu ditu eta, La Do Te eta Corva lanak argitaratu ditu. Vargas literaturarekin nahiz bertsolaritzarekin jolasean aritzen da eta han-hemenka itzulpen solteak atera ditu, hauxe paperean argitaratuko duen lehenengoa. 2021ean kaleratu zuen bere lehenengo poema-liburua: Dena ametsa den irudipena.
Bigarren parea Sara Montaño Escobarrek (Loja, Ekuador, 1989) eta Sarai Robles Vitasek (Barañain, 1996) osatzen dute. Montaño Unicornias argitaletxeko editore eta koordinatzailea da, eta Ekuadorren nahiz nazioartean argitaratu eta saritu dute. Bi poesia liburu ditu: Enseñanzas eta Conversaciones nocturnas con la sombra de mi madre. Robles bertsolaria da eta zuzenbide ikasketak egin ditu. Geuretik Sortuak ekimenean parte hartu zuen 2021ean, eta Hamazazpigarrenean aidanez ipuin-bilduman argitaratu berri dute bere lana.
Denise Griffith (Buenos Aires, 1993) eta Jone Makazaga Irurtia (Zarautz, 1999) dira liburuko hirugarren bikotea. Griffith idazlea, itzultzailea eta Liberoamérica argitaletxeko editorea da. Hainbat aldizkari eta antologiatan parte hartu du, eta bi poema-liburu argitaratu ditu: Antojos de desorden eta Carencia. Makazaga itzulpengintza eta Interpretazioa ikasten ari da, eta iaz argitaratu zuen bere lehen itzulpen-lana: Katharine Susannah Prichard-en Ihesaldia narrazioa. Bestalde, gertutik ezagutzen du bertsolaritzaren mundua, eta gai-jartzaile ere aritu izan da.
Azkenik, Ingrid Bringas (Monterrey, Mexiko, 1985) eta Miren Irizar Belaunzaran (Donostia, 1998) aritu dira trukean. Bringasek Nostalgia de la luz, 1000 watts de amor electrónico, Objetos imajinarios, eta Flechas que atraviesan la espesura de la noche argitaratu ditu, besteak beste. Irizar Itzulpengintza eta Interpretazioan graduatua da, eta duela gutxiz geroztik itzultzaile gisa lan egiten du.
Liburua liburu-dendetara iristen hasi da dagoeneko, eta aurki aurkeztuko dute jendaurrean, martxoaren 30ean izango da, 19:00etan, Iruñeko Laban.