argia.eus
INPRIMATU
Hegaztien gripearen aurkako neurriek etxalde txikiak kaltetuko dituzte
  • Hegaztien gripea agertu da abenduan Dordogne eskualdean eta laster Ipar Euskal Herrian, Frantziako 15 departamendutan bezala, ahate hazleek produkzioa gelditu beharko dute hilabete zonbaitez, frantses gobernuak inposatu neurri zorrotzengatik.

Etxalde 2016ko urtarrilaren 27a
Ahateak Iparraldeko etxalde batean (argazkia: BAB info).

ELB eta Confederation Paysanneren ustez, hazkuntza ttipi eta etxe ekoizpengintzan ari diren laborariak izanen dira kaltetuenak.

Hegaztien gripea agertu da abenduan Dordogne eskualdean eta laster Frantzia hego mendebaldean hedatu da, 67 etxalde hunkiak zirela eta neurri administratiboak eremu zabaletan martxan emaiten zirela. Urtarril hastapenean, Ipar Euskal Herrian ere kasu bat agertu da, Gabadi herrian (Baxe Nafarroa). Eritasuna agertzen den etxaldeetan, hegazti guziak hil behar dira administrazioaren gomenduz.

Nahiz birusak ez duen jendekia gaixotzen ahal, plangintza sanitario zorrotza erabaki du frantses laborantzako ministroak, esportaziorako merkatuak ez galtzeko helburu nagusiarekin. Ondorioz, ahate hazkuntza gelditzea derrigortzen du 15 departamendutan: mementoan haziak diren kabaleri utziko diete zikloa amaitzea, ahate gazteen sartzea debekatzen dute eta ondorioz apirilaren 15etik goiti, ahaterik ez da izaiten ahalko eremu guzian. Ondotik aste zonbait hartuko dira garbiketa segurtatzeko (10 aste aipatzen da mementoan).

Hazleen kaltetan hartuak direla neurri hauek salatu dute ELB eta Confédération Paysanne sindikatek bai eta ere Landes-etako Modef sindikatak. Aktibitatearen gelditzeak ondorio ekonomiko eta sozial larriak izanen dituela azpimarratu dute. Sindikat hauek diotenez, hazkuntza ttipi eta etxe ekoizpengintzan ari diren laborariak gehienik kaltetuak izanen dira.

 "Ahate sailaren berregituratzea ekarriko du neurri hunek, industrializatzea azkartuz beti", zion Panpi Sainte-Marie ELBko idazkari nagusiak. Enpresa industrialek foie gras soberakinak badituztela jakina da eta ekoizpenaren gelditzeak merkatuaren arintzea ekarriko die. ELBren ustez, "logika industrialek etxalde ttipiak eta laborantxa herrikoia berriz ere arrisku haundian jartzen dituzte".

Arrazoi sanitarioa estakurua dela dio ere euskal sindikatak, koherentzia eskasa baita hartu diren neurrietan: ahateak zonbait astez oraindik mugitzen ahalko dira, heiekin birusa ere mugituz menturaz. Frantziak indemnizazioak emango ditu hazleeri baina mementoan ez da informaziorik laguntzaren heinaz. Izanen den kalte ekonomikoa ez duela ordainduko ziur dira laborariak.