Animalien osasunaz arduratzen den DDPP departamendu mailako zerbitzuak Pauen dituen bulegoak okupatu dituzte ekainaren 8an, ELBk eta Biarnoko Modef eta Confederation Paysanne sindikatuek ere. Poliziak kanporatu ditu.
"Politika sanitarioen benetako aldaketa" eskatu dute etxalde ttipien ordezkari diren ELB, Modef eta Confederation Paysanne sindikatuek, ekintza baten bidez ekainaren 8an. DDPP departamendu mailako zerbitzuak Pauen dituen bulegoak okupatu dituzte, baina laster kanporatu ditu Poliziak.
Sindikatuen deiari erantzunez, 40 bat laborari elkartu dira ostegun honetan DDPParen egoitzaren aitzinean. Urtero errepikatuz doan hegazti gripearen hedapenari begira Frantziako Gobernuak harturiko neurriak ez dituzte onartzen, etxalde ttipien eta laborantza herrikoiaren kaltetara doazelako. Azkenean, agroindustriaren alde doazen aterabideak dituzte ikusten orain arteko politika sanitarioetan. Sindikatuek ohartarazten dute hegaztiak ezin direla beren eremu hetsietatik atera, baina ondotik, eritasunaren hedapena gelditzeko neurririk ez dela: "Administrazioak gune kutsatuetarik eremu sanoetara eramaten ditu abereak, kutsatuak diren guneen eta hiltegiaren artean diren etxalde guziak arriskuan jarrita". Osasuntsu diren milioika hegaztiren hiltzea dakarren prebentzio-politika ere salatu dute sindikatuek.
Gaurko egunean, Ipar Euskal Herriko, Biarnoko, Landetako eta Gers departamenduko 80 bat hazkuntza dira kutsaturik eta kutsadurak erritmo handian doaz zabalduz.