Kanpoan hazten diren hegaztiak hiltzea da Frantziako Gobernuak darabilen estrategia, hegazti gripeari aurre egiteko. Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) ohartarazi du estrategia hori antzua dela eta etxalde txikiek ez dituztela kudeaketa txarraren ondorioak pairatu behar. "Etxaldeen eta hazkuntzen industrializazioa gelditu behar da", adierazi du eta mobilizazioa deitu du urtarrilaren 29rako, Donapaulen.
Azken sei urteetan hegazti gripeen kirisiak biderkatzen ari direla azaldu du Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB). Aurtengo kasuan, Frantziako Gobernuaren estrategia da kanpoan hazten dituzten hegaztiak hiltzea, hegazti industria handiak iraun dezan, noski, hegaztiak pabilioi handietan kaiolatuta. ELBk ohartarazi du, "maleruski", errealitateak erakutsi duela estrategia hori ez dela eraginkorra: "Kabalen zerratzeak eta hegaztien hiltze prebentiboek ez dute birusaren hedapen kontrola ezina saihetsi".
ELBk salatu du Lohitzuneko herrian arriskuan dela hegaztien kanpoko hazkuntza egiten duen etxalde txiki bat: "Modelo industrialaren harat-hunatek eta etxaldeetan ibiltzen diren pertsonek dute kanpoko hazkuntza etxalde ttipi hau mehatxatzen!".
ELBk urtarrilaren 29rako mobilizazioa deitu du, hegazti gripeen gaian honakoak salatzeko: Frantziako Gobernuaren politika sanitarioaren "porrota", industrializazioaren kalteak eta kanpoko hazkuntzan ari diren laborariak egoera larrian jarriak direla. "Etxaldeen eta hazkuntzen industrializazioa gelditu behar da, laborariek ez dituzte errepikatzen ari diren krisi hauen aintzinean egina den kudeaketa txarraren ondorioak pairatzen ahal".
Mobilizazioa 14:00etan hasiko da Merkatu Plazan.