argia.eus
INPRIMATU
Hegazti gripearen foku bat Lapurditik gertu: agintariek 6.500 ahate hiltzeko agindu dute
  • Birusak pertsonak kutsatzen ez dituen arren, hegaztien mugimenduak debekatu eta osasun neurriak indartu dituzte baserriaren inguruetan. 

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 09a
Argazkia: eitb.eus Argazkia: eitb.eus

Frantziako Gobernuak astearte honetan iragarri du hegazti gripearen foku bat aurkitu dutela Lapurditik gertu dagoen eta 6.500 ahate ustiatzen dituen baserri batean, Landetako departamenduan. Elikaduraren Osasun Segurtasunerako Agentzia Nazionalaren (ANSES) erreferentziako laborategiak baieztatu duenez, fokua Benesse-Maremne herrian dago.

Larunbatean Nekazaritza Ministerioak ohartarazi duenez, hainbat animalia hil ziren gaitzak jota. Horregatik, eta birusaren trasnmisioa eragozteko, hegaztien mugimenduak debekatu eta osasun neurriak indartu dituzte. Igandean, Gobernuaren ordezkaritzak baserriko ahate guztiak hiltzeko agindua eman zuen France 3 telebista kateak informatu duenez. Horrez gain, babes eremu gisa inguruko hiru kilometrotan ibiltzea debekatu dute. Zaintza eremua berriz, hamar kilometrotara zabaldu dute. 

Azaroaren erdialdean Korsikako animalia denda batean gripe honen beste foku bat identifikatu dute eta horrek alertan jarri ditu osasun-arduradunak Frantziako Estatuan.