2015 eta 2016 urteetan hegazkinez deportazioak egiteko kontratua itxiko du Espainiako Gobernuak Air Europa eta Swif Air konpainiekin. 12 milioi eurokoo kostuarekin, etorkinen deportazio masiboak egiteko hegaldiak bi enpresa horiekin lotuko ditu berriro ere Espainiako Barne Ministerioak.
Zehazki 11.985.600 euro jasoko dituzte bi konpainiek aldi baterako enpresa-elkarte moduan. Oraindik akordioa ofiziala ez den arren, otsailaren 23an amaitu zen eskaintzak egiteko epea eta bi enpresek osatutako elkartearen eskaintza soilik jaso zen. 2015ean zazpi milioi inbertitzea espero dute eta 2016an bost, La Directaren arabera.
2013 eta 2014 urteetarako kontratua 24,2 milioi eurokoa zen, ia lizitazio berriaren bikoitza eta bi enpresa hauei esleitu zitzaien.
Hegaldiak ez dira diru publikoarekin ordaintzen diren zerbitzu bakarrak deportazioetan. Hegaldi horietan polizien zerbitzua ere izaten da, sarri, deportatu beharreko pertsonen kopuruaren bikoitza.
Atzerritarrak barneratzeko zentroak ixteko eskatzen duen kanpainak eta hainbat gizarte eragilek “kontratuak indargabe utzi eta aberriratzeekin amaitzeko” eskatu dute. Horretaz gain, bi enpresa horiei boikota egiteko deia luzatu dute. Salatzen dutenez, “hegaldi horietan gogoz kontra lasaigarriak ematea eta pertsonen aurka indarra erabiltzea onartuta dago”.