argia.eus
INPRIMATU
Hegazkinean

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko uztailaren 27a

Lurraren biraketa ardatzak duen inklinazioaren arabera ezberdintzen ditugu urtaroak, eta bereizketa horretan tenperaturaren faktoreak protagonismo nagusia hartzen badu ere, bestelako ezaugarri propioak ere badituzte urte-sasoiek. Zientziak esan dezakeena alde batera utzita, zeharo subjektiboa den ezaugarri batekin ere ezberdindu ohi ditut nik negua, udaberria, uda eta udazkena. Hiru hilabetean behin, nabarmenki bezain inkontzienteki, musika estiloz aldatzen joaten naiz. Eta udaro, beste edozein estiloren gainetik, stonerra nagusitzen da. Generoaren ohiko riff pisutsu eta psikodelia ukituek presarik gabe ibili eta giro epelak lagunduta momentuaz gozatzera bultzatzen dutela iruditzen zaidalako izango da, akaso. Hala delako ustean oinarrituta, hona udaraz gozatzeko bidaia-txartel bezala erabili dezakezuen diskoa: Spacetrip On A Paper Plane.

Julia Überbacher ahotsean, Andreas Knapp gitarran, Hans-Peter Ganner baxuan eta Michael Steingress baterian, Sahara Surfers “desertuko harriak Alpe tiroldarretara eraman dituen taldea da”, kritikaren arabera. 2007an Insbrucken (Austria) sortutako laukotearen lehen lan luzea da hona ekarritakoa, 2010ean kaleratua. Debut lanaz geroztik, beste bi disko grabatu eta atera dituzte: Sonar Pilot 2011n, eta High Lands 2015ean. Diskoaren tituluari aitortza egiten dio Colour Jam abestiak, entzulea paperezko hegazkinean igoarazi eta basamortuko paisaien gainetik hegaldi bat ematera limurtzeko daukan gaitasunagatik, ondo merezita dauka taldearen abestitzar aintzatespena.

Behin Colour Jamekin paperezko hegazkinera igota, halako ukitu psikotropiko bat hartzen du denak, eta Überbacheren ahots melodikoa arduratzen da erabateko naretasun giroa mantentzeaz. Propeller abestian egiten du lehen geldialdia hegaldiak, eta ordura artean lehenengoz, entzule-bidaiariak turbulentziekin egiten du topo. Bigarren abesti honetan doinu melodikoek astunagoei ematen diete bide, baina ahotsa, hemen ere, baregarri. Hurrengo geralekuan, ostera ere doinu motelek hartzen dute bat Age abestiarekin, baina esan daiteke honen lasaitasunak gehiago daukala ekaitzaren osteko baretasunetik, eta nabari zaio “marratik ibilian nabil, amaierara arte, ondo sentitzen naiz, baina ez naiz inoiz heltzen” abesten duen Überbacheri. Bidaiaren helmugatik geroz eta hurbilago, metal ukituak dituen 8.12 abestiarekin abiada hartzen du hegazkinak, eta indarberrituta, ahotsak “burua tente, bizirik sentitzeko” dioela ere entzun dezakegu. Azken geralekua den Sister In Shadek, amaiera ederrek nola, lasaitasunetik bezainbeste dauka indarretik. Helmugan lur hartuta, “haizea gogorra da, ni ere bai” esanaz agurtzen du entzulea bidaia-lagunak. Gutxi behar izaten du paperezko hegazkina aldentzen ikusi duenak ostera ere Colour Jam erreproduzitu eta bigarren Spacetrip bati ekiteko. Bidaia on.