argia.eus
INPRIMATU
Hegazkinak trena baino 80 aldiz gehiago kutsatu arren, 30 aldiz merkagoa izan daiteke garraiobide hau hartzea
  • Hegazkinez bidaiatzeak trenean baino bi aldiz merkagoa izaten segitzen du, bataz bestean, Europan. Aldea are handiagoa da bidaia zehatz batzuentzat: Bartzelona-Londres 30 aldiz merkagoa da hegazkinez bidaiatzea; Londres-Bratislava 15,5 aldiz; Viena-Erroma 10 aldiz... Greenpeace-k uztailaren 20an plazaraturiko datuak dira. Trantsizio ekologikoaren alde egiteko, tren garraioaren aldeko erabaki politikoak eskatzen ditu Gobernuz Kanpoko Erakundeak.

2023ko uztailaren 20a
Hegazkinak trena baino 80 aldiz gehiago kutsatzen du. Argazkia: Pixabay

Udako oporren garaia hor dugula, bat baino gehiagok hartuko du hegazkina, oporrak egunerokotik at pasatzeko gogoz. Guztira, aurten 4.350 milioi bidaiari aurreikusten ditu hegazkingintzaren sektoreak. Badirudi COVID-19 pandemiak emandako irakaspenek ez dutela eragin, ikusiz berriz ere 2019 urteko kopurura hurbilduz goazela –4.540 milioi izan ziren 2019an, 2.300 milioi 2021ean eta 3.300 milioi iaz–. Alta, jakina da hegazkina hartzeak ingurumena eta klima kaltetzen dituela –trena baino 80 aldiz gehiago kutsatzen du–. Uztailaren 20an Greenpeancek plazaraturiko ikerketak argitzen duenari segi, guzia egina da hegazkina hartzera bultzatzeko.

Apirilaren 25aren eta uztailaren 12aren artean, bederatzi egunez aztertu ditu Europaren baitako 112 bide, trenaren eta hegazkinaren sektoreak alderatuz. Hasteko, low-cost konpainien presentzia nabarmentzen du GKE ekologistak. Konpainia ezagunak dira: EasyJet, Ryanair, Wizz Air, Volotea ala beste. Europa osoan dira, eta bidaia zuzena proposatu beharrean, luzeagoak, geldiune gehiagorekin baina merkeagoak eskaintzen dabiltza. Hots, bidaia zuzena baino hamar aldiz gehiago kutsatzen duten eskaintzak dira.

Fiskalitateak ere egiten du hegazkina hartzea askoz merkeagoa dela. Hainbat zerga ez daude hegazkinaren sektorera bideraturik, baina trenaren sektorearentzat mantenduak dira.

Trenaren aldeko politikak

Trena hartzera bultzatzeko aldaketak eskatzen ditu GKE ekologistak: hegazkingintzara –konpainiak zein aireportuak– bideraturiko dirulaguntzen bukaera; trenaren sektorearen garapen ausarta –gaueko trenen emendioa, bidaia gehiago, billeteak merkeago, trenaren erabilera sustatzeko abantailen proposamena, eta beste–. Errazki bideratzeko aldaketa litzateke, adibidez, tren billetea erosteko aukerak denboran zabaltzea –gaur egun, bi-hiru hilabete baino aurrerago ez dira salgai tren txartelak, eta bidaia antolatzerako orduan, hori izan daiteke hegazkin billetea hartzeko arrazoien artean.

Baina horrez gain ondokoa ere proposatzen du Greenpeancek: hegazkin konpainien publizitateen debekua, hegaldi laburrak debekatzea eta tren bidezko alternatibez ordezkatzea, Europa mailako tren txarteldegia garatzea, konpainia ezberdinen arteko loturak errazteko.

Klimaz hitz egiterakoan dagoen injustizia begibistakoa da abiazioari dagokionean ere: munduko herritarren %1ak du hegazkina hartzen, baina ondorioak guzientzat dira.