argia.eus
INPRIMATU
Hedabideon auzolana, lehiazko kazetaritzaren alternatiba
  • Gaurkoan, balioan jarri nahi dugu kide garen hedabideen nazioarteko sarea eta Euskal Herrian lizentzia libreen bidez geroz eta hedabide gehiago ari garela lanean. Garai zail hauetan, kide ditugun hedabideon sarea inoiz baino gehiago atera nahi dugu plazara eta gonbidatzen zaituztegu hedabide hauek irakurtzera, jarraitzera eta babestera. Elkar babesten duten kazetaritza ekimen gehiagoren alde!

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 20a

Honezkero ohartua izango zara ARGIAk beste hedabideek egindako kazetaritza lanei oihartzuna ematen diela eguneroko jardunean, naturaltasunez. Hainbat bide ditu horretarako: batetik, Herrialde Katalanetako La Directa, Espainiako Estatuko Pikara Magazine, La Marea eta El Salto, Aragoiko Arainfo, Alemaniako Redfish eta AEBetako Roar Magazine hedabideen artean harreman adostua dugu elkarren edukiak itzuli eta zabaltzeko. Bestetik, herri ekimeneko komunikabideok geure buruari ezarritako lizentzia librea aldarrikatu eta praktikara eramaten dugu, egiletza aitortuz informazio horiei oihartzuna ematen diegu ARGIAko euskarrietan. Hirugarrenik, ARGIAren webgunean Eragileen Plaza atala daukagu, eta leiho horri esker, bertan izena emandako hedabide eta eragileek argitaratzen dituzten informazioak automatikoki erakusten ditugu ARGIAren webguneko orri nagusian...

Gaurkoan, balioan jarri nahi dugu kide garen hedabideen nazioarteko sarea eta Euskal Herrian lizentzia libreen bidez geroz eta hedabide gehiago ari garela lanean.

Medio bakoitzak besteari bere edukiak zabaltzen laguntzeak indartzen du kazetaritzari buruzko beste ikuspegi bat: informazioa guztion ondasuna da eta ez salgai huts bat

Elkarlan harreman adostua dugun nazioarteko sarean, oinarrizko filosofia partekatzen dugu: kazetaritza proposamen eraldatzaileei ahotsa emateko eta indar ekonomiko eta politikoak fiskalizatzeko erreminta moduan ulertzen dugu. Noski, bakoitzak du bere nortasuna, eta desberdintasun horiek errespetatzen eta ospatzen ditugu, bakoitzaren berezitasunek aberasten baikaituzte hedabide guztiok.

Kide garen hedabideon artean partekatzen ditugu gure irakurleentzat interesgarri izan daitezkeen edukiak, eta formula honen bidez iristen gara lurralde eta gai zehatz batzuetara, bestela, oso zaila genuke gutako bakoitzak gure baliabide hutsez hori lortzea. Medio bakoitzaren eguneroko lanak posible egiten duen neurrian, albiste iturriak, ideiak eta informazioak ere partekatzen ditugu, eta egin izan ditugu hainbat lan elkarlanean, batera argitaratu ditugunak.

Lehia lehenesten duen negozio eredu honek bultzatzen du besteak baino lehen iristea, eta konparatzen aritzea nork dituen bisita eta klik kopuru gehiago webgunean... baina lehiazko eredu horren aurrean, medio bakoitzak besteari bere edukiak zabaltzen laguntzeak indartzen du kazetaritzari buruzko beste ikuspegi bat: informazioa guztion ondasuna da eta ez salgai huts bat, eta kontatzen ditugun interes orokorreko historiak zenbat eta jende gehiagorengana iritsi hobe da, historia horiek ezbaitira norberaren jabegoa.

Egungoa bezalako momentu zailetan, kide ditugun hedabideon arteko sarea inoiz baino gehiago atera nahi dugu plazara eta gonbidatzen zaituztegu hedabide hauek irakurtzera, jarraitzera eta babestera. Elkar babesten duten kazetaritza ekimen gehiagoren alde!