Gizarteak komunikabideak, oro har komunikazio iturri gisa hautematen ditu. Gertakarien kontakizun objektibo baterako tresna, mundu osoko berriak barne hartzen dituena eta horrenbesteko irismena ere duena. Baina iruditegi horretatik urruti daude gaur eguneko komunikabide gehienak. Burgesiaren interesen eta finantziazioaren arabera egituratzen diren komunikabideek, errealitatearen irakurketa interesatu bat egiten dute. Gertakariak estaltzen dituzte, tartean erailketa burges anitz eta gerra inperialisten interes ezkutuak, eta estaltzen ez dituztenean erdizka erredaktatzen dituzte, benetako errotiko arrazoiak zein ondorio errealak azaldu gabe. Jopuntuan, guztion ahotan, jar dezakete gai bat, koiunturan eragiteko eta hura moldatzeko, modu interesatuan aktualitatea aldatzeko gaitasuna dute. Azkenaldiko adibide argiena okupazioaren auzia litzateke. Datu interesatuekin, faltsuekin eta hizkuntza manipulatuz mintzo dira. Kazetaritza eredu sentsazionalista bat erreproduzitzen da, proletariotzaren kapa batzuekiko gorrotoa sustatuz, gazteria kriminalizatuz, eta mesfidantza orokorra eraginez.
Komunikabideek, hortaz, jendartearen arrazoinamenduan eragin handia dute; izan ere, informazio igorle nagusiak izanik, ustez, elementu kopuru nahikoa eskaintzen dute errealitatea analizatzeko. Gaitasun hori dute komunikabideek: errealitatea aztertzeko gakoak ematen dituzteneko sinesmen orokortua hedatzea. Horretan dihardute momentu honetan ere, errotiko krisi kapitalista estaltzeko eta
"Gaitasun hori dute komunikabideek: errealitatea aztertzeko gakoak ematen dituzteneko sinesmen orokortua hedatzea. Horretan dihardute momentu honetan ere, errotiko krisi kapitalista estaltzeko eta desitxuratzeko antzerkigintzan"
desitxuratzeko antzerkigintzan. Covid-19 izurritea jasaten ari garen krisi kapitalistaren dimentsioa ez onartzeko aitzakia bihurtzen ari da. Krisia ekoizpen eredu kapitalista horren barne dinamikaren ezintasuna eta egoera horretan jarraitzeko lanaren gaineko esplotazioa berrezartzeko momentu bezala ulertu behar da. Testuinguru horretan ari da gauzatzen teknologiaren neurriz kanpoko hazkundea, automatizazioaren eta robotizazioaren eredupean. Baina auzia da ea gizartea antolatzeko eredu burgesarekin jarraitzeak zentzurik ba ote duen. Bidegurutze historiko eta erradikal baten aurrean baikaude: gizarte osoa kapitala akumulatzeko dinamikaren arabera antolatzen jarraitzea (ekoizpen gaitasunak, harreman sozialak, pentsamendu ereduak, hezkuntza, osasungintza eta abar, eta abar), puntako teknologia horren menpe jarriz, ala gizartea antolatzeko printzipio unibertsal baten aldeko prozesu iraultzailea gorpuztea, indar produktiboak gizateriaren beharren arabera antolatuko dituen gizarte eredua eraikiz.
Lehengo aukeraren baitan, krisi kapitalistak ezaugarritzen duen testuinguru honetan arlo laboralaren paradigma aldaketa gertatzen ari da. Enpleguari dagokionez, batetik langabezia tasen hazkundea dago. Gazteriaren langabezia tasa beldurgarria da; halabeharrez pobreziara kondenatzen da belaunaldi bat. Bestetik, teknologia indartsu sartu da ekoizpenean azken urteetan. Horrek lan modalitateak errotik aldatzea eragingo du, izan ere, esparru batzuetan lan indarraren beharra zeharo murriztuko da, lana bera egiteko moduak ere aldatuko dira eta lanaren banaketa berri bat ere ezarriko da makinen eta gizakion artean. Garapen teknologiko hori guztia, bai inteligentzia artifizialarena zein 4.0 industriarena, etekin handiagoa eskuratzera bideratuta dago. Produkzioaren kostua jaisten delako, ekoizpen kateak emankorragoak direlako, baina baita ere langileriarekiko kontrola eraginkorragoa delako. Baina auzia ez dago teknologiaren aurrerapenak proletariotzarentzat kaltegarriak izatean, teknologia horiek burgesiaren eskuetan langileria zapaltzeko tresna kualifikatu bat izatean baizik.
Horrek guztiak paradigma sozial eta kulturalean ere izango du eraginik; erregimen soziopolitiko berria eraikiz jardungo du. Elementu kultural berriak txertatuko dira, izaki isolatuak, elkartasun izpirik gabeak, lehiakorrak eta alienatuak sortuz. Alde batetik, teknologiaren hedapen horrek elementu kulturalen zabalkundea erraztuko du, lurralde gehiagotan eta modu eraginkorragoan txertatuz. Bestalde, ordea, emango den langabezia tasaren hazkundeak proletarizazioa dakar nahitaez. Proletarizazioa, ez soilik bizirauteko beharrizan minimoak (etxebizitza, garraioa, elikadura edo osasungintza) eskuragarri ez izatea bezala ulertuta. Batetik kalitatezko bizi formak geroz eta langile klasearen geruza gehiagorentzako eskuraezinak izango dira, baina bestetik askatasuna mugatuko da, aisialdiaren eredu alienatu bat bultzatu eta ekoiztuko da; oro har miseria morala izango da nagusi. Zer esanik ez, langile antolakuntzarako askatasun politikoak ukatuko dira, langile antolakuntzarako beharrezko zaizkigun minimoak deuseztatuko dira, urteetako borroken bidez lortutako emaitzak ukatuz.
Hori guztia azaldu beharko lukete komunikabideek, arazo errealez informatuta egoteko, datorrenari elementu kritikoz aurre egin ahal izateko, gizarte bezala ditugun erronkez jabetzeko; oro har, pentsatzeko baliabideak emateko. Izan ere, azaltzen saiatu naiz gezurrak baduela bere izana. Burgesiaren interesak hizketagai/eztabaidagai gisa eraikitzen eta antolatzen direla, instituzio ezberdinen bitartez, baita ere komunikabideen bidez. Gezurraren, narratibaren, manipulazioaren eta burgesiaren kontrolpeko komunikabideen aurrean, langileriaren kontrolpeko komunikabideek berebiziko garrantzia hartzen dute. Egia modu berdinean ulertu beharko genuke: antolatu behar den zerbait gisa. Proletariotzaren mesedetan egongo diren instituzioen bitartez (tartean komunikabideen bitartez) arrazionalizatu eta antolatu beharko genuke egia, eta egia horren baitan, gizarte komunista.