Asteazkenean eztabaidatu zen Espainiako Legebiltzarrean Jabetza Intelektualaren Legearen erreforma. Besteak beste, ‘AEDE kanona’ ezarriko du erreformak: hedabideen nahitaezko eskubidea sarean haien edukiekiko loturen truke dirua jasotzeko.
Erreforma Legebiltzarraren Kultura Batzordean onartu dute, osoko bilkuratik pasatu gabe, eztabaida sahiestea helburu duen ‘prozedura express’ delakoari esker. Teorian ‘kontsentsua’ bilatu nahi zuen Alderdi Popularrak bere botoekin soilik onartu du proposamena, eta beste alderdi guztiek (PSOE, CiU, EAJ, UPyD, Ezker Anitza, Amaiur eta ERC) kontra bozkatu dute. Hala ere, proposamena aurrera atera da, bi botoren aldeaz.
Batzordearen saioa arratsaldeko 4etan hasi eta hiru orduz luzatu da, gorabehera eta ‘txapuzaz’ betetako bilkuran: erretiratutako zuzenketak onartu dira, zuzenketa batzuk behin baino gehiagotan bozkatu, azken dokumentuaren bertsio ezberdinak nahastu… Ageri-agerikoa izan da Alderdi Popularrak presa zeukala teorian hedabide talde handien mesedetan doan erreforma onartzeko.
Euskal politikarien adierazpenak
Erreformak kritika zorrotzak jaso ditu PP ez beste alderdi guztietatik, eta hedabideen zein internet munduko eragileengandik. El Diario interneteko egunkariaren arabera, hauek dira euskal politikariek Legebiltzarreko Batzordearen saioan egin dituzten adierazpenak:
Amaiurreko Rafa Larreinak esan du legea iraganean iltzatuta dagoela, eta ez diola tarterik uzten internetek dakarren ekonomia berriari. Larreinak copyleft eta lizentzia libreen garrantzia azpimarratu zuen, onartutako egitasmoak horientzako tarterik ez duela uzten gaineratuz. Horrez gain, Larreinak proposatu zuen konpentsaziorako nahitaezko eskubidea kentzea, eta kanona kudeatzeko erakundean talde ezberdinen parte hartzea orekatzea, inork ez izateko besteen eskubideak blokeatzeko aukerarik. Pilar Porterok The Huffington Posteko artikulu argigarri honetan kontatzen duenez, Amaiurrentzat arazo larriagoa omen da eskubideen kudeaketan dagoen desoreka, AEDE tasa sortu berria baino.
EAJko Joseba Agirretxeak berriz, azken dokumentuan haiek aurkeztutako zuzenketen erdiak baino ez zeudela salatu zuen, epez kanpo aurkeztu zituztela argituz. EAJren arabera, legearen arazo nagusienetako bat (atuonomia erkidegoen) eskumenak kontuan ez hartzea da. Kanon digitalaz ere hitz egin zuen Agirretxeak: EAJren taldearen arabera, ez du zentzurik lehengo kanon eredua (kontsumitzen zuenak ordaintzen zuen) kentzea, eta haren ordez kanona Estatuaren aurrekontuetatik ordaintzea, dagokion ministerioak erabakitzen duenaren menpe.
Beraz, zer onartu da?
- Nahitaezko kanona AEDEko hedabideei. AEDEkoak ez diren hedabideek eta agregatzaile sozialek (Sustatu? Azpitituluak?) kanona ordaindu beharko diote AEDEri haien edukiak publikatzearen truke. Kanon hori paperezko edukien kudeaketa daraman CEDROk kudeatuko du, ez AEDEk zuzenean, Eta ez badute ordaindu nahi?
- 300.000 euro bitarteko isunak izango dira jabetza intelektualaren lege berriak babestutako eduki eta deskargetara loturak dituzten webguneentzat. Edukiaren egileak epaileari eskatu ahal izango dio webgune ‘gaizkilearen’ arduradunaren berri, eta 30.000-300.000 euro bitarteko isuna eskatu. Administrazioak, gainera, ‘hirugarrenen lankidetza’ ere zigor dezake, webgune horietan publizitatea jarri edo ordainketa pasarelak jartzen dituztenen diru-sarrerak blokeatuz.
- Kanon digitalari eusten zaio, Estatuaren aurrekontuetatik. Euskarriak erostean kanona ordaintzea injustua bazen, aurrekontu orokorretatik ordaintzea are injustuagoa da, zergadun guztientzako isun prebentiboa ezartzen baitu. Gastu sozialetan murrizketa basatiak egiten ari diren honetan, ez dirudi oso logikoa kanona aurrekontu publikoetatik ordaintzea.
Zer egin dezaket?
Atzera buelta zaila du legearen erreforma honek, nahiz eta oraindik senatutik pasatu behar den. Sarean zabaltzen ari den tesi orokorra da erabiltzaileok ahal bezainbeste gutxitu beharko genituzkeela AEDEko medioen loturak, haien webguneen trafikoa ere murriztu eta horrela jabetu daitezen zer eragin izan dezakeen haien edukiekiko loturak murrizteak. Hori eskuz egin daiteke (ez partekatu AEDEko medioen loturarik), baina erdi-automatiko egiteko tresnak ere oso azkar hedatzen ari dira:
- WordPresseko plugin honek zure blogeko loturak aztertzen ditu eta AEDEko hedabide bati baldin badagozkio, blokeatu egiten ditu, jatorrizko blogera berbideratuz. Nik instalatu dut jadanik eta horrela, esaterako, berez El Correora doan lotura hau, blokeatuta ikusiko duzu. Blokeatutako medioen zerrenda hemen ikus daiteke. Bide batez, nabarmendu dezagun Euskal Herrian diharduten Deia, Diario de Navarra, Diario Vasco, El Correo, Noticias de Alava eta Noticias de Gipuzkoa agertzen direla zerrendan (Diario de Noticias ez agertzea errorea izango da, seguruenik).
-Blogaria ez bazara, Chromeko AEDE blocker gehigarriak zure nabigatzailea blokeatuko du, ez dadin sartu AEDE eta CEDROko medioetan. Twitter AEDE Signaler delakoak berriz, AEDEko loturak dituzten txioak nabarmenduko dizkizu Chromen, haietan sartu behar duzun ala ez erabakitzeko klik egin aurretik.
- Firefox erabiltzaileek Leechblock gehigarria instalatu dezakete eta gero, haren konfigurazioan, medioen zerrenda kopiatu. Xehetasun gehiago (gazteleraz).
- Oraindik egin ez baduzu, beharbada momentu ona da eskari hau sinatzeko… ala beharbada honezkero ez du ezertarako balio, auskalo.
Bestelako ideiak, ekarpenak eta iradokizunak, noski, ongi etorriak!
(Artikulu honen jatorrizko bertsioa Joxe Rojasen Teknopataren txokoa blogean argitaratu da eta CC-by-sa lizentzia baliatuz ekarri dugu ARGIAra, egilearen baimenarekin. Gaiari buruzko informazio gehiago ere aurkituko duzu bere blogean)