Alfonso Sastre Kultur Elkarteak antolatuta Egunon Utopia! jardunaldiak egingo dituzte egun hauetan Hernanin, Donostian eta Bergaran. Kuba, Venezuela eta Europako hainbat bazterretatik etorritako politikari eta pentsalariak arituko dira jardunaldi horietan. Hector Soto, Venezuelako Kultura ministro-orde izandakoa, ministerio horretako kabineteko burua da egun. Hugo Chavezen Gobernuan aritu da lanean eta ondo ezagutzen ditu herrialde hartan ernetzen ari den prozesuaren nondik-norakoak. ARGIAk beregana jo du horien berri jakiteko. Euskal Herriko egoeraz ere galdetu diogu. Beraiek “herrien autodeterminazio eskubidea” errespetatzen dutela esan digu.
Venezuelako Kultura Minsterioari oso lotuta egon zara azken urteetan. Nola batzen dira kultura eta iraultza bolibartarra?
Borrokalari sozialen eta Venezuelako ezkertiarren artean oso ohikoa da entzutea iraultza kulturala dela, edo bestela ez dela iraultza. Gure lana bideratzen da gizaki kolektibista bat formatzera, ez indibidualista. Produzitzailea, eta ez menpekoa edo errentaria. Solidarioa, ez lehiatsua. Heziketa eta kultura arloko ekintza guztiek helburu hori dute. Kultura Ministerioaren printzipioek politika kulturalen demokratizazioa, masifikazioa eta ez-elitezkoa bultzatu nahi dute. Horregatik, nazio mailako programak burutu ditugu: Arlo editorialean, adibidez, milioika liburu banatu ditugu doan udalerri guztietan.
Joan den uztailean Venezuelako Nazioarteko II. Filosofia Foroa egin zen. Bertan esan zen, besteak beste, ALBA beharrezkoa dela estatubatuarrek sustaturiko ALCAri aurre egiteko. Zer eragin izan dezake Daniel Ortegaren garaipenak Nikaraguan, ALBAren garapenerako?
Eragin oso positiboa. Daniel Ortegak garaitu baino lehen ere, Nikaraguako lekuko gobernuekin elkartrukerako hitzarmenak sinaturik genituen jadanik, herrialde behartsu hori erregaiz hornitzeko bederen. Garaipen sandinistak, lehenago genuen harreman hori sakonduko dugula ziurtatzen digu. Hala ere, publikoa izan da Ortega presidenteari eman diogun babesa, hauteskundeen aurretik eta hauteskundeen ondoren. Venezuelan Nikaragua eta Sandino izugarri miresten ditugu. Ortega boterera iristearekin Latinoamerika guztiaren integrazioa hobetu egingo dela uste dugu, izan ere ALBA hori besterik ez da: integraziorako erreminta bat.
Egun hauetan Euskal Herrian emango dituzuen hitzaldien izenburua da “Egunon, Utopia!”. Zer erantzungo zenioke iraultza bolibartarra utopia bat dela esaten duenari?
Esango nioke Venezuelan utopiari egunonak ematen ari garela.
Hitzaldi hauetan Venezuelan azken urteetan gauzatu den prozesuaren bilakaeraz hitz egingo duzu...
Gure prozesua proiektu zabal eta anitza da, nazioa integratu nahi du, eta Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak eraso zuen. Gobernu horrek onartzen du 2002ko estatu golpean eta urte berean egin zen petrolioaren greban zuzenean parte hartu zuela, modu ziniko batean onartu gainera. Konspirazioarekin bat egin zuten komunikabide pribatuak diruz lagundu zituzten, Karibe itsasoan gerra-ontziak jarri zituzten gure itsasertzean, ofizial militar estatubatuarrak atxilotu genituen boterea berreskuratu genuenean... Eraso hori etengabea izan da eta gure iraultzari izaera antiinperialista aitortzera behartu gaitu. 2004ko maiatzaren 16ko manifestazio jendetsuaren ondoren gure Presidenteak eskainitako hitzaldian egin zen aitortza hori.
Horretaz gain, Venezuelan martxan jarri dituzuen Herri Batzordeez ere hitz egingo duzu. Zein da Batzorde horien esperientzia?
Gu konbentzituta gaude, emakumeak eta gizonak diruaren bidez soilik erlazionatzen diren bitartean miseria garaitzea ezinezkoa izango dela. Horregatik tematzen gara herritar ezberdina sortzen, kolektibista, eta herri gobernuen aldeko apustua egin dugu, duela gutxi Nazio-biltzarrak Herri Batzordeen Legea atera baitu. Pausu handia izan da herri boterea eraikitzeko. Herri Batzordeek politika publikoak adierazi, aztertu eta indarrean jartzeko ahalmena dute.
Autogestio adibide bat dira, hortaz?
Guk ardura-arteko printzipioarekin egiten dugu lan, estatuaren eta antolatutako herriaren arteko ardura. Herri Batzordeek badituzte autogestiorako eremuak, adibidez, beren bizikidetza arauak idatzi eta indarrean jartzeko eskumena dute, baina estatuarengandik dirua jasotzen dute aldi berean. Beraz, ezin daiteke esan, zorrotz hartuta behintzat, autogestioa denik. Hori bai, denborak eta gure errealitateak esango du zein norabide hartzen duten eta nola garatuko diren.
Momentu honetan Euskal Herrian bake eta normalizazio prozesu batean murgilduta gaude. Venezuelako esperientzia kontuan hartuta, zer egin dezakegu prozesua aurrera eramateko?
Guk herrien autodeterminazio eskubidea errespetatzen dugu. Guretzako, edozein bake prozesu koherentea da mundu ezberdin bat sortzeko ametsarekin eta hori asko baloratzen dugu. Uste dugu biolentziaren monopolioa planeta honetan estatubatuarren inperialismoak duela. Planeta honetan gerrak dauden edozein lekutan soldadu yanquee-ak daude. Horregatik pentsatzen dugu gizateriari ekarpen bat egitea litzatekeela monopolio horretan bakarrik uztea, “esklusibitate” hori beraiei ematea. Munduko bakearen ejertzitoan “izena eman” beharko genuke guztiok, belaunaldi berrientzat beste mundu posible bat sortzeko.