argia.eus
INPRIMATU
Heartstopper telesailak agerian utzi du kolektibo oso baten “nerabezaro lapurtua”
  • Kritika eta publikoaren arrakastatik harago, Heartstopper telesailaren ikusle asko mezu bera uzten ari da sare sozialetan: belaunaldi berrientzat erreferente pozgarria dela bi mutikoren arteko lehen maitasun istorio ezti eta jostari hau, hainbeste eta hainbeste izanik heterosexual ez izateagatik nerabezaroan beren sentimenduak erreprimitu behar izan dituztenak eta “nerabezaroa lapurtu” dietela sentitzen dutenak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko maiatzaren 03a

Bukaera zoriontsua duen istorio samur eta onbera da Heartstopper –nahiz eta jazarpen homofobiko eta transfoboa edota armairutik ateratzeko zailtasunak oso ongi islatzen dituen, besteak beste–, eta hori da hain justu adin batetik gorako jende askok eskertu duena, “homosexualoi samurtasuna ukatu zaigulako”, dio txiolari batek. Lehenengo musu eta begiradak, elkar ukitzearen kitzika, elkarri eskua hartzea… Xalotasunez betetako irudiak dira, trama erromantiko andanatan ikusiak, baina ez bi mutiko protagonista absolutu direla. Telesaila ikustea katartikoa izan dela ere aipatu du baten batek, istorio xalo horren aldean errealitatearen zaplaztekoa ozen entzun baita sare sozialetan: asko dira gizartearen LGBTfobiagatik, beldurragatik, gainerakoen jazarpena saihesteagatik, norbere buruaren eta desiren ukazioagatik… halako istorioren bat bizitzeko aukerari ateak itxi dizkiotenak nerabe sasoian, harik eta adinak, denborak, heldutasunak, ezinegonak…  armairutik ateratzeko nahikoa indar eta segurtasun eman dien arte.

Heartstopper gisako erreferenteekin belaunaldi berriek norbere identitatea eta harremanak beste era batera bizitzeko aukera dutela azpimarratu du jende helduak, beraiek erreprimitu behar izan zutena azaleratzea posible dela barneratzeko adibide gehiago dituela gazteriak. Baina erreferente gehiago egon badagoen arren, ongi legoke gazteei eurei galdetzea, ea erraza eta erosoa den egungo eskola giroan eta egungo gizartean armairutik ateratzea, gustuko duzun sexu bereko pertsonari gustuko duzula esatea, bueltan jasoko duzunaren beldurrik izan gabe.