argia.eus
INPRIMATU
HB kriminalizatu nahi du fiskalak
  • Atzo intentsitate handiko eguna izan zen herriko tabernen auzian, fiskaltzak auzipetuentzako zigor eskaera berriak egin zituen eta, horren arabera, auzipetu bakoitzak bere leku berria egin behar izan zuen auzian.

Xabier Letona Biteri @xletona 2014ko martxoaren 07a
Herriko tabernen auzipetuen izenean Karmelo Landak atzo egindako balorazioa.

Balorazio politikoetan ez da aldaketa handirik izango, irakurketa juridikoetan akaso bai –zergatik hau bai eta bestea ez?– eta pertsonalean bai, fiskalak espetxe zigorrak murriztu baditu ere, fiskalaren kartzela zigor eskaerak hor daudelako auzipetuen multzo handi batentzat, hiru multzotan banatuak: batzuek 4 urte eta erdi, bi urte eta sei hilabete beste batzuek eta azken talde batek bi urte eta bi hilabete. Laugarren talde bat libre da fiskalaren eskarian, baina ez akusazio partikularrarenean. Oraingoz, bistan da eskaera horretan kartzela zigorra bilatzen dela, bi urteko zigorretik beherakoak espetxera sartzetik salbuesten baitira, indarrean dagoen beste zigorrik ez bada behintzat.

Atzoko mugimendu garrantzitsuenetakoa, dena den, fiskalak HB esparru penalean kriminalizatzeko egin zuen ahalegina izan zen. HB 2003an jarri zuten legez kanpo, 2002ko ekainean onartutako Alderdien Legearen ondorioz, baina juridikoki hori bide administratibotik egin zen, pertsona juridikoak esparru horretan epaitzen direlako. Orain, aldiz, atzoko sesioan fiskalak ahaleginak eta bi egin zituen ahozko saioan eta epai mahaiari tesi berri bat helarazteko, honakoa gutxi gora-behera: auzipetuak ez dira zigortu behar bakarrik ETAko kideak direlako, HB bera da erakunde kriminala eta, beraz, auzipetuak HBko kideak diren  heinean, esparru administratiboa gainditzen da eta atal hori esparru penalean sartzen da. Horrek esan nahi du, fiskalak bai hala bai bilatzen duela zigorra eta ETAkoak direla frogatzeko hainbat ekinbide zehatz aurkeztu behar badu ere, HBko beren jarduera politikoa nahikoa litzateke froga gisa.

 Eguerdiko ordubiak aldera moztu zuen fiskalaren berba jarioa epaimahaiko lehendakariak eta gaur amaitzeko agindua eman zion. Teknikoki auzia bi zatitan banatua dago, bata arlo politikoa da, HB, Batasuna eta gainerako erakunde politikoei lotua eta, bestea, zehatz-mehatz herriko tabernei dagokiona. Alor politikoko auzia amaitu behar du gaur atzoko fiskalak eta beste fiskal batek herriko tabernen ataleko eskaera berriak defendatuko ditu. Ondoren auzipetuen abokatuen txanda izango da.