argia.eus
INPRIMATU
‘Hazte oír’ plataformaren liburuxka homofoboa giza eskubideen kontrako erasoa dela esan du Iruñeko Udalak
Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko abenduaren 20a
Iruñeko Udalak LGTBIQ bandera jarri zuen aurrealdean.

Hazte Oír elkarteak 29.000 panfleto igorri ditu Espainiako Estatuko ikastetxe publiko eta kontzertatuetara Badakizu zer irakatsi nahi dioten zure seme-alabari eskolan? Doktrinamendu sexualaren inguruko legea izenburupean.

Nafarroara ere iritsi dira. 500 bat banatu dituztela uste dute CCOO sindikatutik, eta zenbait salaketa iritsi zaizkie. Arazoa ikusita, gaitzespen testua onartu du Iruñeko Udalak. "Arbuiorik irmoena" azaldu du Herritarren Auzietarako Batzordeak, eta hezkuntza komunitatea hertsatu nahi dutela salatu, umeen hezkuntza sexu-afektiboa eta LGTBI pertsonen eskubideen inguruan.

Hori dela medio, Hezkuntza Departamentuari eskatu dio "behar diren neurriak" har ditzan.

Sexu eta genero dibertsitatearekiko "errespetua eta konpromisoa" dituela berretsi du Iruñeko Udalak, eta oroitarazi du, bide horretan, Sexu eta Genero Dibertsitaterako Arreta Zerbitzua eta irekitzekoa den LGTBI zentroa bultzatu dituela.  

Panfletoko zenbait ale

"Legeek bi herritar maila instituzionalizatzen ari dira, LGTB eta heterosexualak. Lehenengo horiek, legalki pribilegiatutakoak; bigarrenak, bigarren maila batean utziak". Heterosexualak baztertuta daudela ziurtatzen du liburuxkak.

"Heterosexuala izateak herritarrek homofoboak izatearen susmagarri bihurtzen ditu". Idatzi dute beste atal batean.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra