argia.eus
INPRIMATU
Hazte Oír elkarte transfoboa hackeatu eta datu ugari publiko egin dituzte
  • Hazte Oír elkarte transfoboa hackeatu dute, elkarteko kideek aditzera eman dutenez. Ignacio Arsuaga presidenteak euren mezua “isilarazteko” saiakera berri bat dela esan du.  

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 06a

“Eraso honekin adierazpen askatasuna harrikatu nahi dute eta gu izutu, #ElBusDeLaLibertad kanpaina egiteagatik”, adierazi du. Elkarteak Espainiako Poliziaren aurrean salatu du gertaera.

#HazteOirHackeado traola erabiliz zabaldu dute hackeatzearen arduradunek ekintzaren berri. ACAB Gang kolektiboak hartu du ekintza bere gain eta jakinarazi du elkarte transfoboaren "datu base guztiak eta artxibo guztiak" dauzkatela.

Besteak beste, Hazte Oír nork finantzatzen duen dakitela adiearazi dute hackerrek, baita elkarteak Twitterreko zein erabiltzaile salatu dituen ere. Informazio hori ACAB Gang-en webgunean kontsultatu daiteke.

Polemika eragiteko sortutako kanpaina

Hazte Oír-ek autobus transfoboaren kanpaina abian jarri zuen martxoan eta hainbat hiri bisitatu zituen. Aurkako protestek eraginda, Madrilgo Lurralde Fiskaltzak gelditzeko agindua eman zuen.

Debekua zela eta, autokarabana bat zirkulazioan jarri eta mezua aldatu zuten: "Mutilek zakila dute? Neskek bulba dute?". Azkenik, autobusean "Guztientzako errespatua, bullyng-ari ez" esaldia jarri zuten, eta datozen asteotan birari berriro ekitea aurreikusten dute.