2013an Hazte Oír talde ultrakatolikoak sortua da CitinzenGo plataforma eta hainbat gutun zein prentsako iragarki argitaratu ditu abortuaren legearen aurka azken asteetan Argentinan. Danilo Albin kazetariak Públicon azaldu duenez, helburua zalantzan zeuden senatariak konbentzitzea zen.
“Argentinarrak hiltzearen kultura ez dadin sustatu borroka egin dute. Ama eta umearen bizia defendatzen dugunontzako egun handia da”, adierazi du Silvina Spataro Argentinako CitizenGo plataformako kideak, Senatuko emaitzak jakin ostean.
Ultrakatolikoak pozik daude bozketaren emaitzekin. Omar Perotti senatariak ere abortuaren aurka bozkatu zezan, egunkari batean izugarrizko presioa egin diote. Bere aurpegia zuen iragarkian ondorengoa irakur baitzitekeen: “Omar Perotti senadorea, abortuari ezetza bozkatu”.
Gádor Joya Derecho a vivir plataformako bozeramaileak gaineratu du, Argentina erreferente hartu eta Espainian une honetan indarrean dagoen abortuaren legea indargabetu beharko litzatekeela.
Asteazkenean egin dute bozketa Senatuan eta 38 boto abortatzeko eskubidearen aurkakoak izan dira eta 31 aldekoak. Hamazazpi orduko eztabaidaren ostean egin dute bozketa eta emaitzak ikusita, Senatuak atzera bota du abortatzearen aldeko legea. Beraz, 1921eko legeak jarraituko du indarrean, bortxaketa kasuetan edo amaren bizitza arriskuan dagoenean abortatzeko aukera eskaintzen duena, besteak beste.