argia.eus
INPRIMATU
Hazparnen bukatuko da kontsumo ereduaz eztabaidatzea xede duen Bizi egunak dinamika
  • Bilbo, Iruñea, Donostia eta Gasteiztik igaro ondoren, Hazparnen emango zaio amaiera LAB sindikatuak antolatutako dinamikari.

Nahia Ibarzabal @NahiaIbarzabal 2018ko ekainaren 15
Hazparneko egitaraua

Goizeko 11:00etan manifestaldia egingo da pilota plazako aparkalekutik abiatuta eta 12:30ean bukatuko da Bizi egunak dinamika, Ttattola Gaztetxeko aperitif animatuarekin.

LABek antolatutako Bizi egunak dinamikak, merkataritza, hiri eta kontsumo-ereduari buruz gogoeta egitea bilatu du Euskal Herriko herrialdeetan, EAJ, PP, Geroa Bai eta PSE/PSNek Euskal Herrian bultzatzen duten eredua salatzeko.

Herrialde guztiek pairatzen dute mundu garatuko estrategia

Nafarroan, kate handiek urteko hamar igandetan irekitzen dituzte ateak; “Gobernuak ez du egin hiritarra kontsumo arduratsuaren inguruan kontzientziatzeko kanpainarik”, salatu du LABek.

Araban,  El Corte Ingleseko supermerkatuen marka den Opencor saltokia irekiko dutela esanez “mehatxatzen” dituzte gainontzeko markak.

Gipuzkoan, BM supermerkatu kateak, Pandoraren kutxa ireki du Donostiako bus geltokian. Urteko 365 egunetan egoten da zabalik.

Bizkaian, LABek azaldu duenez, “merkataritza igande eta jaiegunetan irekitzea bultzatzen du EAJk”.

Ipar Euskal Herrian, borondatezkoa da jai-egunetan lan egitea baina LABek honakoa adierazi du: “Atzeman dugu benetan ez dela horrela. Kate handiek behartu egiten dituzte langileak lanera joatera”.