Euskal Herriko Zinema eta Dokumental ekoizpena da Zinegin Festibala, Hazparnen (Lapurdi) antolatua. VI. Edizioa da aurtengoa, azaroaren 16tik 19ra bitartean, “Euskara munduan, besteen ahotan” lemapean. Koldo Izagirre eta Patxo Telleria zinegileak izanen dira Lapurdin aste honetan, baita Joseba Sarrionandia ere, Hemen eta han filmaren bitartez.
Antolatzaileek literatura eta zinema uztartu nahi dituzte aurten. Kari horretara, Koldo Izagirre idazle eta zinegilea gonbidatu dute. Ke arteko egunak filma ikusi ahal izanen dute bertaratuek. Antxon Ezeiza izan zen film horren zuzendaria. Zinegile donostiarra omenduko dute zinema zaleek. Filmaren gidoilari Izagirrek aurkeztuko du filma.
Zinegin Festibala hainbat atalez osatuta dago, besteak beste, zinemari buruz irakastea du xedea. Aurtengo ikastaroa Patxo Telleria aktore eta gidoilariaren esku dago. Literatura obra bat zinemara nola egokitzen den irakatsiko die zinegile hasiberriei.
Joseba Sarrionandia idazlea ere Hazparnen izanen da, fisikoki ez bada ere, berari buruzko film bat zabalduko baita bertan. Hemen eta han izenekoa.
Festibala hainbat atalek osatuta dago, hala nola bideogintza lantzea, sustatzea eta zabaltzea. "Airea" da antolatzaileek aurten proposatutako gaia. Hainbat bideo sarituak izanen dira.
Hona, besteak beste, festibalean ikusgai izanen diren film batzuk: Iñigo Garcia Agirrezabalagaren Bi txirula, Javier Rebollo & Alvar Gordejuelaren Alaba zintzoa, Patxo Telleriaren Igelak eta Juan Batista Berasategiren Nur eta Herensugearen tenplua.