Hazparneko Armand David laborantza lizeo pribatuko ikasleek Agro-ekipamendua, Zientzia sozial eta ekonomikoak, eta Enpresa ekonomia irakasgaiak euskaraz ikasteko aukera izango dute. Horrek formakuntzaren ia erdia hartuko duela azaldu du Bertrand Gaufryau ikastetxeko zuzendariak.
Frantziako Estatuko Laborantza Ministerioko araudiaren arabera eskualdeko hizkuntzetan irakastea baimentzen ez zela ikusita, araua aldatu nahian, duela hiru urte abiatu zuten ikasgaiak euskaraz eman ahal izatearen aldeko borroka, Kazeta.eus-ek jakinarazi duenez.
Hasieran aurrerapauso handirik lortu ez bazen ere, azken urtean Iñaki Echaniz diputatu sozialistak aurkeztutako lege-zuzenketa proposamenak egoera pixka bat "desblokeatu" duela azaldu du zuzendariak. 2025-2026 ikasturtetik aurrera euskaraz irakasteko baimena lortzea erabakigarria izan dela nabarmendu du.
Hasteko, euskarazko irakasgaiak bigarreneko klaseetan ematea da asmoa, eta, hurrengo ikasturteetan, lehena eta terminala ere hartzea. Horrez gain, epe luzera, euskarazko irakaskuntza sail guztietara zabaltzea dute helburu, Paisaia-antolaketa eta Bigarren orokorra bezalako sailetara ere bai. Gaufryau zuzendariaren hitzetan beste helburuetako bat gazteei beren lurraldean, Euskal Herrian, bai sozialki eta bai profesionalki txertatzen laguntzea da.
Hurrengo ate irekiak otsailaren 8an izango dira, 09:00etatik 13:00era. Une horretan jakingo dute zein den euskarazko irakasgaietan interesa duten ikasleen kopurua. Dena den, zuzendariak argi utzi du zernahi gertatzen dela ere, euskarazko kurtsoak abiatuko direla.