argia.eus
INPRIMATU
Hazparneko gaztetxea hustu dute jendarmeek
  • Ttattola Gazte Asanbladako kideak gaur goizean kanporatu dituzte abuztuaren 21ean Hazparnen (Lapurdi) okupatutako eraikinetik. Bi gazte komisaldegira deitu dituzte arratsaldean. Euskal Irratiak komunikabideak jakinarazi du berria.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 13a
Argazkia: @peio

Euskal Irratiak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, jendarmeek Hazparneko (Lapurdi) gaztetxea hustu dute gaur goizean. Hedabidearen arabera, arratsaldean bi gazte deitu dituzte komisaldegira kaleratzea eta gero.

Davidenea eraikina okupatu duten Ttattola Gazte Asanbladako kideek abuztuaren amaieran jaso zuten kanporatze agindua, eta hilaren 30erako utzi behar zuten eraikina. Baina gazteek errekurtsoa jarri zioten agiriari, eta bertan jarraitzeko asmoa azaldu zuten. Gaztetxearen defentsan, hainbat mobilizazio eta elkarretaratze egin zituzten kaleratze eguna deituta zegoenean zein irailaren 4an (200 pertsona bildu ziren manifestazioan).

Ekintzez gain, gazteek prentsa ohar bidez salatu zuten Udalak entzungor egin ziela, eta ez ziela konponbiderik eskaini nahi izan. Isabelle Pargade auzapezak ez zien okupatutako eraikinaren jabeen kontaktua eman nahi, antza, ez zeukatelako haiekin “hitz egiteko gogorik”.

Gainera, kaleratze aginduan gazteak kanporatzeko erabilitako “gezurrak” ere salatu zituzten gaztetxekoek: eraikina Micheline Jeanne Casaux 95 urteko emakumearen bizitokia zela esaten zuten agirian, eta gazteek haren egoitza okupatu zutela. Halere, Davidenea denbora luzez hutsik egon izan dela azaldu zuten asanbladatik.

Okupazioa beren azken aukera zela gehitu zuten: “Ekintza ilegal bat hautatu badugu ere, elkarrizketa eta negoziazioa beti hobetsi ditugu”. Proposamen kulturalik gabeko “hiri huts” batean, herritar guztiak bildu eta ekintza kulturalekin Hazparne “dinamizatzeko” gunea sortu nahi zutela azaldu zuten.

Beste kaleratze bat

Poliziak bigarren aldiz kaleratu ditu gazteak herrian okupatutako eraikin batetik. 2020ko urtarrilaren 31n, jendarmeek indarrez bota zituzten hamazortzi urtez martxan izan zuten Ttattola gaztetxetik. Urte eta erdiren ondoren, abuztuaren 21ean okupatu zuten herriaren erdiko Davidenea eraikina, berriki hustu dutena.