Hazparne (Lapurdi) inguruko hamar bat laborari bildu dira, ekoizpen multxo bat proposatzeko saskietan. Berezitasuna: internet bidez eskatzen direla, astero eta nahi dena hautatuz. Xixtroak izena hartu dute, Hazparne inguruan horrela deitzen baitziren lehen, astoen gainean finkatzen ziren saskiak, etxaldeko ekoizpenak merkaturat eramaiteko.
Astoa kamioarekin ordezkatu dutela diote bainan izpirituan jarraitzen du, etxean ekoiztua herritarreri eskaini nahi diete. Sei etxalde dira taldean, hamar gizon eta emazte, laborariak, kalitatea lehenesten dutenak. Molde ekologikoan, Idoki marka pean ala jatorrizko izendura bateko kide dira. Hau da ere taldean izaiteko baldintza.
Komerzializazio bideak errexteko abiatu zuten gogoeta. Denda bat ideki edo merkatuan etxalde guzietako ekoizpenak mahain amankomunean bildu, bi ideia hauek gogoetatu zituzten internet proietua abiatu aintzin. Bietan, edo gastu gehiegiak edota denbora asko pasatzeak gibel eginarazi zieten. Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin burutu zuten gogoeta eta internet gune baten sortzea erabaki zuten.
«Internet tresna praktikoa da, denda bat baino gastu gutiago sortzen du. Martxan eman dugun moldean, ekoizle eta kontsumitzailearen arteko harremana mantentzen dugu guk baitugu paketa emaiten jendeari. Pantaila soil batekin ibiltzea ez dugu nahi, kontsumitzaileak ikusi behar gaitu», dio Corinne Minaberrik, Lekuineko laboraria eta Xixtroak taldeko kidea.
Xixtroaken ibilmoldea sinplea da. Jendeak astero egin dezake manaketa xixtroak.com web gunean, hemen aurkeztuak dira proposatutako ekoizpen guziak bai eta etxaldeen deskribapena. Hautu guztiz librea daukate erosleek. Web gunearen bidez, hots aintzinetik, pagatzen da saskia. Astelehen gaueko manatu ondoan, ostiraletan banatuak dira.
Xixtroak proietua abiatu aintzin, merkatu azterketa eraman zuten taldeko kideek, batez ere neurtzeko erosle aski bazeukaten lurralde hurbilean ala Baionaraino joan beharko zuten. Hazparne inguruko lan eremuetan ibili ziren, enpresa desberdinetako langileri proietua aurkeztuz. Oso ondo hartu zuten ideia jendeek eta banaketa guneak arabera antolatu ziren. «Azterketa hori eraman dugularik, ohartu gira ainitz enpresa bazirela gure inguruan, eta langileek gure proietua begi onez ikusten zutela». Sei tokitan ibiltzen dira laborariak: Kanbo, Hazparne eta Beskoitzeko lan eremuetan (poligonoetan), Hazparneko hiri erdian bai eta Aiherran eta Lekornen bi etxaldeetan.
Sei etxaldetarik proposatzen diren ekoizpenak anitzak dira: gasna desberdinak (ahuntz, ardi, behi, idorrak ala freskoak), esnekiak (esne freskoa, gurina, kremak), haragia (pittika, bildoskia, atzarkia, ahatxekia, euskal xerria, oilaskoak, pintarrak), barazkiak eta sagar zukua. Iraila hastapenean abiatu dira banaketak. Epe ertainean, astero 35 euro inguruko 50 bat saski banatzea dute helburu laborariek. «Xixtroaki esker, gutarik batzuk merkatuetan denbora gutiago pasatzea espero dugu, beste batzuk transformazioa azkartu nahi dute, beste batzuk langile bat kontratatu. Gure etxaldeetako ibilmoldea errextu nahi dugu, ekonomikoki bainan ere lanaren aldetik», dio Emilie Dubois, Lekorneko laboraria eta Xixtroakeko kideak.