argia.eus
INPRIMATU
‘Haziak, Herri Unibertsitateen loratzeak’ dokumentala aurkeztuko dute asteazkenean
  • "Herritik eta herriarentzat" izanen den unibertsitatea eraiki zuten joan den astean ikasleek NUPen eta EHUn. Orain Topatuk, Leioatik!, Buiaka! eta Haraba! ikasle komunikazio proiektuekin batera, Haziak dokumental laburrean bildu ditu ekimen horretako testigantzak.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko martxoaren 24a

Dokumentalean campus bakoitzeko ikasleek alternatiba horren eraikuntza prozesua nola bizi izan duten kontatzen dute. “Bakoitzak bere campusean bizi duen errealitatetik abiatuta, egungo hezkuntza panoraman inflexio puntu bezala kokatu dute ekimen hau, eta aurrera begira alternatiba errealak nola eraiki hausnartu dute”, adierazi dute dokumentalaren ekoizleek.

Herri Unibertsitateak amaitu eta astebetera aurkeztuko dute dokumentala. Martxoaren 25ean NUPeko gela irekian, Bilboko Zirika herrigunean, Gasteizko Hala Bedi tabernan eta Ibaetako ikasgelategian aurkeztuko dute. Horretaz gain, 22:00etatik aintzinera Topatu.info-n egonen da ikusgai.

Hiru egunez hezkuntza eredu berria sortu dute ikasleek Herri Unibertsitateetan. Ehunka ikasle ibili dira aurretiko antolaketa lanetan, eta nola ez, egun horietan jakintza eta ahalduntzerako alor ugaritan sakontzeko egin dituzten tailer eta bestelako saioetan parte hartzen.