Su-eten bat lortzeko Mendebaldearen ahaleginak serioak direla itxura egiten dute Mendebaldeko komunikabideek. Baina argi dago aldez aurretik idatzitako beste gidoi bat dagoela. Artikulu honetan Jonathan Cook kazetari britainiarrak aurreratu digu zein den Israel eta AEB palestinarrentzat prestatzen ari diren “azken soluzioa”. Geopolitikan aditua den Rafael Poch kazetariak dio bera dela Israel jarraitzeko iturririk distiratsuenetakoa eta “Ekialde Ertainean gertatzen ari denari buruzko egiaren narratzaile fidagarrienetakoa”, Martha Gellhorn kazetaritza sari bereziaren arabera.
Ez da aztia izan behar ulertzeko Israelek eta AEBek Gazarako duten plana ondorengoa dela gutxi gorabehera:
1- Jendaurrean Bidenek “gogor” plantak egiten ditu Netanyahuren aurrean, eskatzen dio ez dezala Rafah “inbaditu” eta presio egiten dio Gazan “laguntza humanitario” gehiago sartzen utz dezan.
2- Baina Etxe Zuria jada lanean ari da berak zabaldutako mezuei buelta emateko. Behin eta berriro dio Israelek Hamasi “oso akordio eskuzabala” eskaini diola, eta akordio hori, Washingtonek iradokitzen duenez, su-eten baten antzekoa litzateke. Baina ez da hala. Zenbait txostenen arabera, Israelek eskaini duen gauzarik onena “barealdi iraunkor” mugagabea da. Eta promesa hori ere ez da fidagarria.
3- Hamasek “tratua” onartzen badu, eta bahitu batzuk itzultzea, bonbardaketak murriztu egingo dira denbora batez, baina gosetea areagotu egingo da, Israelek Hamasen aurka “garaipen totala” lortu nahi duelako. Ezinezkoa den zerbait. Horrek soilik atzeratu egingo du –egun edo aste batzuk–, Israel bosgarren urratsera pasatzea.
4- Hamasek “akordioari” uko egiten badio, alde intrantsigente gisa aurkeztuko dute eta “gerrarekin” jarraitu nahi duela egotziko diote. (Oharra: hau ez da inoiz gerra bat izan. Soilik Mendebaldeak planteatzen du gudan egon zaitezkeela zenbait hamarkadaz okupatzen ari zaren lurralde batean, edo Hamasek “hasi zuela gerra” urriaren 7ko erasoarekin, Israelek hamazazpi urte daramatzanean enklabea blokeatzen, han etsipena eta desnutrizioa eraginez).
Iragan astean, AEBetako idazkari Anthony Blinkenek gidoi hori aurreratu zuen, esanez Hamas zela “Gazako herritarren eta su-etenaren artean dagoen gauza bakarra... Erabaki bat hartu behar dute eta azkar gainera”.
5- AEBek iragarriko dute Israelek prest duela Bidenek ezarritako baldintzak betetzen dituen plan humanitario bat Rafah-ren aurkako erasoa abiatzeko.
6- Horrek AEBei, Europari eta eskualde hartako herrialdeei aitzakia emango die albo batean geratzeko, Israelek hainbeste denboraz amestutako erasoa abiatzen duen bitartean. Bidenek aldez aurretik adierazi izan du eraso hori “marra gorria” litzatekeela, biktima zibilak masiboki eragingo dituelako. Hori guztia ahanzturan eroriko da.
7- Middle East Eye hedabideak argitaratu duenez, Israel checkpoint-ez osatutako eraztun bat eraikitzen ari da Rafah inguruan. Netanyahuk iradokiko du, gezurra esanez, horiei esker nazioarteko zuzenbide humanitarioak ezarritako baldintzak beteko dituela. Irteten utziko diete emakumeei eta haurrei; kontrol-postu horietako batera iristea lortzen badute bederen Israelen bonbardaketaren batek bidean hil aurretik.
8- Rafahko gizon guztiak eta bertan geratzen diren emakume eta haur guztiak borrokalari armatu gisa tratatuko dituzte. Ez badituzte bonbardaketek edo etxe-hondakinen amiltzeek hiltzen, exekutatu edo Israelgo tortura ganberetara eramango dituzte. Ez du inork aipatuko Rafahn zeuden Hamaseko borrokalariak tunelen bidez atera ahal izan zirela.
9- Rafah suntsitu egingo dute, Gazako zerrenda osoa hondatuta utziz, eta Israelek eragindako goseteak okerrera egingo du. Mendebaldeak eskuak burura eramango ditu, esango du Gazan gertatua Hamasek eragin duela, zer egin behar ote den larritasuna adieraziko du eta beste hirugarren herrialde batzuei presio egingo die –bereziki arabiarrei– “plan humanitario” bat egin dezaten bizirik atera direnak Gazatik kanpo birkoka ditzaten.
10- Mendebaldeko komunikabideek jarraituko dute Gazan Israelek egindako genozidioa termino humanitario hutsetan deskribatzen, “hondamendia” Jainkoaren ekintza izan balitz bezala.
11- AEBen presiopean, Nazioarteko Justizia Auzitegiak, edo Munduko Auzitegiak, ez du presarik izango behin betiko epaia emateko, ea frogatuta dagoen Hegoafrikak Israeli genozidio bat egiten ari dela eginiko akusazioa. Dagoeneko “posible” jo duen genozidioa.
12- Erabakitzen duena erabakitzen duela Munduko Auzitegiak, eta ia ezinezkoa da imajinatzea ez duenik esango Israelek genozidioa egin zuela, beranduegi izango da. Mendebaldeko klase politiko eta mediatikoak orrialdea pasatua izango du, historialariei utziz erabakitzea zer esan nahi izan duen horrek guztiak.
13- Bien bitartean, Gazan sortutako aurrekariak jada erabiltzen ari da Israel eredu gisa Zisjordaniarako. Batez ere, duela denbora askotik ezarritako nazioarteko zuzenbide printzipioen higadura. Hamas ez zela Gazan erabat garaitua izan eta Palestinako beste eremu batzuk base bezala erabiltzen ari dela esanez, Israelek Zisjordaniaren gaineko presioa areagotu du pixkanaka, beste blokeo batekin. Orain arte eragindako zikinkeria garbitu eta errepikatu.
Horixe da planik probableena eta gure lana da gure esku dagoen guztia egitea errealitate bihur ez dadin.
Jonathancook.substack-en argitaratuta.