argia.eus
INPRIMATU
Hauxe da despedidia: Oskorrik Euskal Herria zeharkatuko du azken kontzertuetan
  • Ekainaren erdialdean iragarri zuten bezala, Oskorri taldeak agur esatea erabaki du ibilbide luze eta oparoaren ondoren. Azken kontzertu bira Getxon hasiko dute irailaren 6an eta Bilbon bukatuko, azaroaren 22an.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2015eko uztailaren 09a
Oskorriren azken kontzertuak kartel honekin iragarri dituzte.

Tartean, Euskal Herriko hiriburu guztietan ariko dira, Donibane Garazin izan ezik.

Herri musika izan dute oinarri eta euskaldun askorentzat ereserki bilatu diren kantak beraienak dira: Euskal Herrian Euskaraz, Gaztelugatxe, Furra-furra...

Garai gatazkatsuan hasi ziren, 1970eko hamarkadan, eta zenbaiten ezin-ulertua ere jasan behar izan zuten, "espainolista" gisa sailkatu zituztenen kritikak besteak beste. Musikarekin erantzun zuten eta denborak jarri du bakoitza bere lekuan.

3.000 kontzertu baino gehiago eta ia 500 kanta; pixka bat gehiago luzatu izan balitz mende erdira iritsiko zen bidea. Milaka kilometro errepidean, beste hainbeste bidailagun.

Horren guztiaren amaiera ezagutuko dugu 2015ean. Taldeko kideek "hauxe da despedidia!" esaldiarekin hasten den oharrarekin iragarri dituzte azken kontzertuak.

Hau da irailetik aurrera emango dituzten azken kontzertuen zerrenda.

- Getxo (irailak 6).

- Baiona (urriak 10).

- Gasteiz (urriak 17).

- Donostia (urriak 25).

- Iruñea (azaroak 7).

- Maule (azaroak 14).

- Bilbo (azaroak 22).