argia.eus
INPRIMATU
Hautuak, afixak eta puzzleak

Udane Barinagarrementeria Laka 2024ko maiatzaren 03a
Dishes / Apirilaren 19an / Arrano tabernan (Zarautz). Argazkia: Udane Barinagarrementeria Laka.

Galdetu nahiko nizuke zenbat aldiz ireki duzun liburu bat, idazlea ezagutu gabe, azalak, kontrazalak edo beste zerbaitek erakarrita. Gogoratuko duzu barruan aurkitu zenuena, ala ez. Gustatuko zitzaizun agian, bukaeraraino engantxatu. Idazlearen lan gehiago bilatzera eraman. Ala ez. Berdin dit. Berdin dit, batez ere, interesatzen zaidana, hain justu, ezezagunari aukera bat emateko hautua bera delako. Ordeztu nahiko nuke liburuaren azala kontzertu baten afixagatik eta berriro galdera egin: zenbat aldiz joan zara kontzertu bat ikustera taldea ezagutu gabe?

Galdera erantzunda neure kalkuluak konpentsatzeko edo, bezperan sare sozialetan afixa ikusi, Zarautzen bizi den lagun bati proposamena luzatu eta abiatu naiz autoz bertarantz. Ia ordubeteko bidaia daukat aurretik. Kontrazala irakurtzearen pareko, taldearen diskografia jarri dut bidean lagun egiteko.

Ostegun udaberritu giroa dago Arrano tabernan, jende dexente kanpoan, pizza zatiak eta zuritoak eskuan. Barruan, dena prest Dishesen kontzertua hasteko. Googlek kontatu didanez, Amsterdam eta Leiden artean sortutako taldea da eta Euskal Herrian sei kontzertuko jira egingo dute. Gaurkoa bigarrena.

Koska batek markatzen duen eszenatoki inprobisatu bezain txikian eman diote hasiera kontzertuari, atea paperez estalita daukan garagardoz betetako hozkailu handi baten eta sukaldeko atearen artean, barratik metro eskasera. "Pixka bat behartuz gero, beti enkajatzen du puzzleak", pentsatu dut.

Ezagutu gabe ezagun zaidan punk rock melodikoa da. Bateriaren presentzia nabarmenarekin eta riff itsaskorrekin, gorputza inkontzienteki mugiarazten dizun punk rock hori. Abeslariaren ahotsak eta egoteko moduak egiten du, agian, taldea berezi. Ez dago ahots urraturik, oihurik, frontwoman oldarkorrik, xamurtasun indartsu bat baizik; zaurgarritasun tinkoz Palestinari, Europako muga hiltzaileei edo feminismoari abesten diena.

Azken abestietarako sartuta gaude zuzenekoan, eta amaitzeko, sorpresa eder bat eman eta Kashbaden bertsio bat jo dute. Harrapatu gaituzte. Bertsioarekin bukatutzat eman dute, baina “another one!” dio publikoak. Ez dutela beste abestirik, abeslariak, esker keinuz. “Berdin da! Repet! Repet!”. Konbentzitu dituzte eta hasi dira jotzen. Ekin orduko publikoko lauzpabost konplizeren artean altxa dute abeslaria. Beso artean etzanda, mikroa eskuan, irribarre zabala ikusten zaio, halatsu gainontzeko musikariak eta jendea ere. Orain bai, bukatu da. “Thanks for being here”.

Autoan Kashbad jarrita egin dut etxerako bidea. Nire diruarekin erosi nuen lehen diskoa dela gogoratu naiz, eta denbora dexente zela entzuten ez nuela. Baliteke ezezagunak ezagun den horretara eramatea beti. Ala ez. Berdin dio. Underground kulturaren puzzleak, piezak enkajatzeko lana hartzea bezainbeste behar baitu puzzlearen parte izan nahi duten piezak bertaratzea.