argia.eus
INPRIMATU
Hautsak harrotu ditu WhatsAppen erabilera-baldintzen eguneraketak
  • Erabilera-baldintzak eta pribatutasun politika eguneratu ostean Europatik kanpoko erabiltzaileen datuak Facebookekin elkarbanatuko ditu WhatsAppek. Euskal Herriko erabiltzaileen datuen partekatzeari ez dio eragiten eguneraketak. Sareetan hainbat erreakzio eragin ditu berriak, eta Telegram eta Signal aplikazioetako erabiltzaile kopuruak handitu dira.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 08a
Europako herrialdeetan salbu, WhatsAppek Facebookekin informazioa parteka dezan ahalbidetzen du eguneraketak. Argazkia: 20minutos

WhatsApp-ko erabiltzaileek aplikazioan bertan abisu bat jaso dute egun hauetan, otsailaren 8an indarrean ezarriko diren erabilera-baldintza eta pribatutasun politika berriak onartzeko edo “orain ez” onartzeko aukerarekin. Izan ere, otsailaren 8tik aurrera nahitaez onartu beharko baitira baldintza berriak aplikazioa erabili ahal izateko. Kontrara, kontua ezabatzeko aukerara bideratzen du eguneraketaren mezuak.

Zertan da, beraz, eguneraketa? Aldaketa garrantzitsuena erabiltzaileen datuen partekatzeari dagokio. Europako herrialdeetan, hau da, Europar Batasuna, Europako Esparru Ekonomikoa eta Erresuma Batua salbu, WhatsAppek Facebookekin informazioa parteka dezan ahalbidetzen du eguneraketak.

Duela sei urte erosi zuen Facebookek mezularitza aplikazioa, 19.000 milioi dolarrengatik, eta geroztik bien arteko lotura indartzen joan da, datuen partekatzeari dagokionez, batez ere. Otsailaren 8tik aurrera, Europan izan ezik nahitaezkoa izango da.

Izan ere, esan bezala, Europako herrialdeetako erabiltzaileen datuen partekatzeari ez dio eragingo erabilera-baldintzen eguneraketak. Europako herrialdeetan WhatsApp Ireland enpresak kudeatzen ditu aplikazioaren erabiltzaileen datuak, eta EBn 2018an ezarritako Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra jarraituz ez ditu, diotenez, datuak Facebookekin partekatzen.

Euskal Herriko erabiltzaileei, aldaketa honek oraingoz are gehiago eragiten ez badie ere, agerian geratu da zenbaterainoko garrantzia duten aplikazioek metatzen dituzten erabiltzaileen datuek. Askotarikoak dira WhatsAppek biltzen dituen datuak: telefono-zenbakia eta erregistratzerakoan emandako informazioa (izena, esaterako); mugikorrari buruzko informazioa, marka, modeloa eta telefono konpainia barne; IP helbidea, internet konexioaren kokagunea adierazten duena. Baina baita kontaktuak, egoera-eguneraketak, noiz eta zenbat denboraz erabiltzen den aplikazioa ere, nahi izanez gero.