argia.eus
INPRIMATU
Hautetsien Batzarrak Bruselan bertan Puigdemont lehendakari berrestea ari dira negoziatzen
  • Asteburuan Carles Puigdemont ERCko ordezkariekin bildu ostean, badirudi Kataluniako prozesuak bizi duen oraingo korapiloa askatzeko irtenbidea adostu dutela, bertako zenbait hedabidek zabaldu dutenez.

ARGIA @argia 2018ko otsailaren 05
Puigdemont gaur Junts per Catalunyako legebiltzarkideekin elkartuta. (Argazkia: JxCat)

Azken egunotan indartu den hipotesia –Puigdemont izatea lehendakari legitimoa atzerrian eta Katalunian bertan legebiltzarrak president eraginkor bat izendatzea– mamitzeko bidea aurkitua lukete, informazioon arabera: Kataluniako alkate eta parlamentarioek osatzen duten Hautetsien Biltzarra joango da Bruselara Puigdemont solemnitatez presidente izendatzera eta paraleloan gobernu berria osatzea ahalbideratuko duen lehendakari berri bat izendatuko du legebiltzarrak.

Harrikada batez bi txori, jokaldi horrekin Kataluniak lortuko luke, omen, batetik urriaren 1eko erreferendumak bezala hauteskundeek berretsitako liderra legitimatzea eta bestetik Madrili baimenduko lioke katalanen zamatik salbuespen egoera altxatzea, 155. artikulua alde batera utzita. Ez da ahaztu behar Mariano Rajoyk azken erabaki hau baldintza derrigorrezkoa duela EAJren botoekin aurtengo aurrekontuak salbatu nahi baditu.

Astelehen goizean Puigdemont bere parlamentarioekin bildu da eta arratsaldean CUPeko ordezkariekin zen elkartzekoa, asteburuan gorputz hartzen hasi den aukera berria eztabaidatzeko.