argia.eus
INPRIMATU
Hautetsiek fermuki salatu dute Haranburu preso atxikitzeko prokuradoreak hartutako erabakia
  • Baionako Euskal Elkargoaren egoitzan bildu dira tokiko hautetsiak eta bakegileak Xistor Haranburu euskal presoaren auziaz mintzatzeko. Ondoren 150 herritar bildu dira Suprefeturan, prokuradoreak Haranburu preso atxikitzeko hartutako erabakiaz protestatzeko.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko uztailaren 05
Vincent Bru: "Haranburuk Senperen lan eskaintza badu, beraz, ez da arrazoirik askatua izan ez dadin".

Frederic Haranbururen abokatu Maritxu Paulus Basurkok adierazi duenez, Parisko Dei Auzitegiak bi hilabete barne deliberatu beharko du prokuradorearen erabakiari buruz. Epeak errespetatuko ez balitu, Haranburu aske utzi beharko lukete.

Anitz izan dira estatuaren fiskal buruak edo prokuradoreak hartu duen erabakiaren aurrean izandako erreakzioak, hona sorta bat:

Hautetsiek ohar orokorrean hauxe eman dute aditzera: "Hautetsiak hemen gaude eta  guri dagokigu estatuari erantzukizuna eskatzea. Fiskal buruari exijitzen diogu Euskal Herriko errealitateaz informatu dadin. Bake egoera ez da erraza erdiesten, baina bakearen bidean segituko dugu, oraindik ere bide luzea dugula jakinda ere”.

Hala berean hauxe gehitu dute fermuki: “Galdera egiten dugu zergatik fiskaltza antiterroristak lurralde honetan gertatzen dena ez duen kontuan hartzen. Iduri du justizia politiko bat dagoela. Helegite hau justizia politikoa da. Bizki oldarkorrak dira fiskaltzak erabilitako argumentuak. Ministerio publikoa guztiz desfasatuta dago”.

Euskal Elkargoko Jean Etchegaray presidentea kontent agertu da auzitegiaren erabakiarekin, baina fiskaltzaren jarrera salatu du. Besteak beste, prokuradoreak “ETAk edozein momentutan borroka armatuari berriz ere ekin diezaioke" erran baitu. Etchegaray-ren erranetan “ETAk berriz borroka armatua berriz abian jartzeko arriskua dagoela erratea, inteligentzia kolektiboari irain egitea da”.

Euskal Elkargoko presidenteak hitz zorrotzak izan ditu prokuradorearentzat: “Gure lurraldea bakean da, bakean da justiziarekin, baina ez da bakean fiskaltzarekin. Prokuradoreak helegitea jarri du, Frederic Haranburu berehala askatuko zutela kezka zutelako".

Senpereko Vincent Bru auzapezak berriz hauxe gehitu du azkenik: "Haranburuk Senperen lan eskaintza badu, beraz, ez da arrazoirik askatua izan ez dadin. Estatu buruari dei egiten diot senpertar presoa askatu dezaten. Xistor ezagutu dut presondegian. Zuzendaria eta funtzionarioekin ere egon nintzen. Xistor-ren jarrera eredugarria dela erran didate. Ezin da kontsideratu ordena publikoarentzat inolako traba denik”.