2022ko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean
Euskararen Nazioarteko Eguna dugu gaurkoa. Pozik gaude, Euskaralditik indarberrituta atera berri garelako. Hauspotuta gaude eta ondo dago: noizean behin denok behar dugu goraldia; euskaldunok, zer esanik ez.
Eta orain? Zer dagokigu, beste urte bi itxarotea kaleak berriro ere gureak izan daitezen? Hamar egunerako gure? Benetan dugu nahikoa?
Sei hilabete barru udal hauteskundeak izango ditugu Hego Euskal Herrian. Udalak eta aldundiak aukeratuko ditugu, baita Nafarroako Gobernu berria ere. Gugandik gertuen dauden erakundeak, beraz.
Eta? Ausartuko ote gara Euskaraldia lau urte eta erdiz luzatzera?
Hauxe dugu aprobetxatu beharreko momentua. Sei hilabete barru, gertu-gertuko erakundeak aukeratzean, hurrengo lau urteetarako politikak zehaztuko dira, baita hizkuntza-politika ere neurri batean.
Eginkizuna erraza da: euskaltzaleok (eta euskararen normalizazioaren alde dauden alderdiek) gutxienekoak hitzartu behar ditugu.
Zein dira gure gutxieneko horiek? Zer adostu dezakete aipatutako alderdiok, gainerako lubakietatik gaindi?
Horiexek proposatzera gatoz bada gure xumean, alderdi euskaltzaleen arteko gutxieneko adostasunerako oinarriak:
Euskaraldiak boteretu egin gaitu, eta ondo dago. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen ari gara, eta hori ere ondo dago. Badaukagu zer ospatu eta badauzkagu indartsu sentitzeko arrazoiak ere.
Ordainean, orain, indartsu sentitzen garen honetan, indar hori ekinean jarri behar dugu. Sei hilabete barru, euskaldun askok eta askok botoa emango dugu. Nork bere hautua egingo du. Baina… gure botoa jaso dezatela hizkuntzaren alorrean gutxieneko partekatu batzuk beteko dituzten alderdiek. Ados?
Patxi Salaberri, Mikel Basabe, Pako Sudupe eta JJ Agirre