argia.eus
INPRIMATU
Hauteskundeen atarian alderdiei eskaerak helarazi dizkie Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feministak
  • Gutuna bidali die EAEko hauteskundeetara aurkezten diren alderdi politikoei. Hiru lan lerro eta bakoitzerako ekimen premiazkoenak zehazten ditu osasun krisiaren testuinguruan sortutako Euskal Herriko Koordinadorak. Programa politikoan ildo horiek integratzeko eskatu die, eta elkarlanerako prestutasuna agertu.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 03a
Azaroaren 1a eta 3a bitartean ospatu ziren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak Durangon. Argazkia: ARGIA.

Uztailaren 12ko EAEko hauteskundeetara aurkezten diren alderdi “nagusienen” zuzendaritzei bidali die gutun bana Euskal Herriko Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feministak, “eragin” asmoz. Osasun krisiak bi ondorio nagusi utzi ditu, bere irudiko: “Bizitza krisian dagoela, batetik, eta bizitzaren zaintza kolektiboa izan behar duela, bestetik”. Eredua aldatu eta zaintza sistema indartu ezean, dio, “esentziala ezkutuan eta esku-lan merkez zaintzen” jarraituko dugu.

Alderdi politikoei “erantzukizun eta zer esan” handia dutela esaten die Koordinadorak gutunean, eta horregatik helarazten dizkiola proposamenak, “hauteskunde kanpainan ez ezik, programa politikoan kontutan har ditzazuen”. Hiru lan lerro ezberdintzen ditu, bakoitzean premiazkoenak irizten dituen ekimenak zehaztuz.

Zaintza aitortu, banatu, duindu

Lehenbiziko ildoa zaintza lanen aitortza sozial eta politikoa da. “E.Hko administrazio guztiekin lurralde arteko harremanak indartzea eta EAEko egitura administratibo osoan zaintza mahaiak sortzea” proposatu die alderdiei Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feministak. Bigarren lerroa zaintza lanen banaketa bidezkoa da. Oro har gizonak, erakunde publikoak eta sektore pribatua interpelatu beharra nabarmendu du, bi neurri lehenetsita: zaintza arloko zerbitzuen “publifikazioa”, eta gizarte zerbitzuen legea berrikustea.

Azkenik, “zaintzaileen bizi eta lan baldintzak duintzea” exijitzen du Koordinadorak. Horretarako lau ekimen proposatu dizkie alderdiei: Espainiako Estatuak etxeko langileen Lan Erregimen Berezia “deuseztatu” dezan lan egitea; beste horrenbeste egitea Atzerritartasun Legearekin –pertsona guztiak erregularizatuz eta udaletako erroldatzea bermatuz–; Lan Arriskuen Prebentzio Legean zaintzako eta etxeko langileak barnebiltzea; eta zaharren egoitzetako langileen aldarrikapenak betetzea.

Alderdiei konpromiso horiek bere egitea eskatu die Euskal Herriko Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feministak, eta haiekin biltzeko eta elkarlanean aritzeko prestutasuna agertu die.