argia.eus
INPRIMATU
Hauteskundeen inguruan

Egoitz Izagirre 2024ko maiatzaren 02a

Apirilaren 21ean EAEko hauteskundeak izan genituen. Hauteskundeak heldu baino lehen zenbait hedabidek hainbat inkesta plazaratu zuten; kasu askotan, EH Bildu garailetzat ematen zuten, batzuetan boto eta jarlekuetan, beste batzuetan jarlekuetan soilik. Horrek aldaketa handia suposatzen zuen Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako; dakigunez, EAJk beti irabazi baititu botoetan eta behin baino ez du galdu jarlekuei dagokienez. Inkesta horietako askok %60ren inguruan edo, kasu batzuetan, gainetik kokatzen zuten parte-hartzea, baina, era berean, hautesle zalantzatien kopurua altua zen (%20-30 artean). Nire uste apalean, azkenengo datu horrek markatu egin zuen bukaerako emaitza.

Hauteskunde-kanpaina gizartera berandu iritsi zen, bereziki Bizkaian, Athleticen garaipenak Kopako finalean eta osteko ospakizunak ez baitzieten tarterik utzi gainontzeko gaiei. Esan daiteke kanpaina hauteskundeen aurreko astelehenean (apirilak 15) piztu zela. Arrazoia? Pello Otxandianok ETAren inguruan egindako adierazpenak.

Ordura arte, EH Bildu oso eroso sentitzen ari zen eta bazirudien kanpaina oso bide onetik zihoala: alde batetik, inkestek zioten gizartearentzat garrantzizko gaiak mahai gainean jartzen ari zen alderdia EH Bildu zela; bestetik, debateetan, Nerea Kortajarenak RTVEn lehenengo eta, ondoren, Pello Otxandianok ETB1en maila altua erakutsi zuten, gainontzeko hautagaiak baino puntu altuago bat. Arazoa? Debate horiek jende gutxik ikusi zituen eta hauteskundeak oraindik “urrun” zeuden.

Lehen pistaren bat eman dugun arren, hurrengo lerroetan azaltzen saiatuko gara zergatik apirilaren 21ean ez zen bete inkestek aurreko asteetan ziotena.

Lehenik, Pello Otxandianoren adierazpenak ETAren inguruan. Nahiz eta ETA desagertua dagoen, ETArekiko erakusten den jarrerak garrantzia du gizartean, bereziki, “zure” hautesleak ez diren jendea erakartzeko prozesu bat erakusten ari zarenean. Erantzuteko orduan zalantzati agertzeak eta argi ez hitz egiteak eragina izan zuen.

Inkesten harira bi aukera egon daitezke: bata, inkestek emaitza horiek publikatu zituztela hautesle konkretu bat mobilizatzeko nahiarekin; edo, bigarrena, inkestek erakutsitako zalantzati gehienek EAJ aukeratu izana

Bigarren, Pello Otxandianok ETB1eko debatean utzitako maila altua ETB2ko debatean mantentzea ez zuen lortu. Arrazoiak hainbat izan daitezke: adierazpenen harira, foku asko berarengan egongo zirela jakitea, hauteskundeak hurbilago zeudela, inkestek lehenengo postuan kokatzen zutela… Debate horretan irabaztera baino, momentu arte lortutakoa ez galtzera atera zela uste dut eta horrek kalte egin ziolako sentsazioa dut. Debatean eta ostean, Otxandianok “debateak programa aurkezteko baino, dialektika politikoa gauzatzeko zirela” esan zuen eta ni erabat ados nago. Hala ere, egun horretan ez zuen berak esandakoa egin eta interbentzio luzeegietan nahastu zen. Horrez gain, ezker konfederaleko hautagaiek, Alba Garciak batez ere, eztabaida oso txukuna egin zuten eta badakigu alderdi horiek hautesleak partekatzen dituztela.

Hirugarren, EH Bilduk EAE mailan pisuzko instituzio bat gobernatzearen gabezia du. Duela ia urtebete, EH Bilduk Gasteizen eta Gipuzkoan, beste hainbat tokitan bezala, hauteskundeak irabazi zituen. EAJk, PSE eta PPrekin bat eginez, EH Bildu baztertzeko mugimendua egin zuen; mugimendu horrek EAJri kalte egin diola uste dut, baina neurri batean baita EH Bilduri ere. Zergatik? Mugimendu horrek EH Bilduri EAEn pisuzko instituzio bat gobernatzeko aukera kendu diolako, eta presentzia mugatu. Horrelako instituzio bat gobernatzeak bi ekarpen (positibo) ekar lekizkioke EH Bilduri: alde batetik, gobernua bere esku dagoen hainbat herritan emaitza oso onak lortu ditu (Errenteria, Hernani edo Lekeitio, kasu); bestetik, EH Bildu gobernatzeak beldurra edo kezka sor dezakeen gizartearen sektore horretara iristea errazago litzateke gertuko eta garrantzizko adibideak balituzte.

Laugarren, inkestak inkestak dira, baina badakigu bere papera jokatzen dutela edozein dela jorratzen duten gaia. Beraz, inkesten harira bi aukera egon daitezke: bata, inkestek emaitza horiek publikatu zituztela hautesle konkretu bat mobilizatzeko nahiarekin; edo, bigarrena, inkestek erakutsitako zalantzati gehienek EAJ aukeratu izana (bertan kokatzen ziren zalantzati gehienak),  aurretik aipatutako arrazoi guztiengatik eta baita, nola ez, “beldurraren botoa” aktibatu izanagatik ere, inkestak argitaratzen ari ziren emaitzen ondorioz.

Azkenengo puntuarekin zeharka lotuta, beste garrantzizko faktore bat azpimarratzea beharrezkoa da. Hauteskunde egunean Bizkaia izan zen mobilizazio handien eduki zuen lurraldea (%63,41eko parte hartzea, +%13,01 2020arekin alderaturik), bitartean Gipuzkoak (%61,71, +%9,53% vs 2020) eta Arabak (%61,11, +%12,11 vs 2020) bi puntu baxuagoko parte hartzea izan zuten. Seguruenik, datu horiek azken orduko mobilizazio hori EAJren alde eman zela erakusten digute, Bizkaia EAJren gotorleku baita.

Badirudi, hemendik aurrera, aurreko urteetan izan dugun koalizio-gobernua mantenduko dela. Bai EAJk zein PSEk beren aurpegiak aldatu dituzte eta kanpainan diskurtso aldaketa bat eman dute, Osakidetza edo etxebizitzaren inguruan, adibidez. Pello Otxandianoren esanetan (kanpainako itxiera mitinean esana) diskurtso aldaketa hori jada aldaketa bat da, eta, nolabait, garaipen txiki bat ere. Hala ere, aldaketa hitzetatik ekintzetara doan ikusteko dago, sentsazioa baitaukat EAJk jasotako boto kopuru bat konfiantza-boto bat izan dela historikoki izan duen ibilbidearen ondorioz, baina politikak aldatu ezean konfiantza hori desager daiteke.

Egoitz Izagirre, Zientzia Politikoetan graduatua