EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeak urriaren 21era aurreratu ditu Eusko Jaurlaritzak. Patxi López lehendakariak eguerdian prentsaren aurrean hitz egin du eta adierazi du erabakia "ondo pentsatuta" hartu duela eta "euskal herritarren interesak" kontuan hartuta. ETAk borroka armatuarekin amaitu zuela urtebete egin eta hurrengo egunean izango dira hauteskundeak eta Nafarroa Oinez jaia ospatuko den egun berean.
Eusko Jaurlaritzak gaur ezohiko batzarra egin du eta bertan adierazi du Lopezek hauteskundeak aurreratuko dituela. Ekaina arte publikoki beti esan izan du hauteskundeak ez zituela aurreratuko, eta legegintzaldia amaituko zuela.
Dena den, gaur iragarritakoa zurrumurru ozena zen aspaldidanik euskal politikagintzan. Euskal Autonomia Erkidegoko lau alderdi nagusiek dagoeneko aurkeztuak zituzten lehendakari izateko euren hautagaiak. EH Bildu izan zen lehenbizikoa, uztailaren 3an aurkeztu baitzuen Laura Mintegi. EAJk jarraitu zion, uztailaren 6an Iñigo Urkullu ofizialki hautagai gisa aurkeztu zuelarik. Eta hilabetea bukatu baino lehen PPk Antonio Basagoiti aurkeztu zuen.
Bozek utzi ditzaketen emaitzei buruzko aurrerapenak egiteko goizegi bada ere, ezker abertzalearen ilegalizazioa amaitu ondoren EAEko Legebiltzarraren osaketa asko aldatuko da. Udal eta Foru Hauteskundeetan eta Espainiako Legebiltzarreko bozetan Bildu eta Amaiur koalizioen arrakasta errepikatu nahiko dute ezkerreko subiranistek; indar bozkatuena izateko lehian sar daitezke EAJrekin buruz buru.
Hauteskundeen beste faktore garrantzitsu bat PSEk eta PPk jasan dezaketen higadura izango da, Jaurlaritzan eta Espainiako Gobernuan hartu dituzten erabakiak medio.