argia.eus
INPRIMATU
Hauteskundeak iragarriko ote ditu Artur Masek?
  • Hauteskundeak udazkenera arte ez atzeratzeko eskatu diote ERC, CUP eta ANCk Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidenteari. Ostegunean jakinaraziko du hartutako erabakia.

Nerea Ibarzabal Salegi 2015eko urtarrilaren 14a
Artur Masek ostegunean jakinaraziko du hartutako erabakia. (Arg: Reuters)

Vilaweben arabera, ANC, Òmnium, AMI (Associació de Municipis per la Independència) eta ERCko Oriol Junquerasekin elkartuko da asteazkenean Mas, “erabakia ziurtatzeko”. “Prozesu politikoa oso urruti iritsi da, eta hau ahuldu ez dadin hartu beharreko erabakiak hartuko ditugu”, adierazi du presidenteak.

Masek eta ERCk desadostasunak izan dituzte azken hilabeteetan, bai 2015eko aurrekontuen inguruan, baita azaroaren 9ko galdeketari dagokionean ere. Presidenteak “azken ahaleginak agortu” nahi ditu errepublikarrekin, “erabaki egokienak hartzeko”.

ERC: “Akordioa ezin da gehiago atzeratu”

ERC-ren ustez, “ulertezina” da hauteskundeak egiteko bederatzi hilabete itxaron beharra. Horregatik, martxoan egin daitezen nahi dute, maiatzeko udal-hauteskundeen aurretik.

“Akordio batera iristeko garaiz gabiltza, independentziaren aldeko agintaldi bat egon dadin”, esan du Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak.

CUPek “autokritika falta” egotzi dio Masen gobernuari. Quim Arrufet bozeramaileak astearterako espero zuen presidentearen erantzuna, eta hauteskundeak udazkenera atzeratzeko aukerak “beldurra eta amorru sakona” sorrarazten diela aitortu du.