Han eta hemen entzun eta irakur daitekeenez, azken hamarkadetako lehiarik estuena aurreikusten da AEBetako hauteskunde presidentzialetan, Donald Trump eta Kamala Harris hautagaien artean. Azaroaren 5ean, asteartez egingo dira bozak. Emaitzak Euskal Herrian gauerdia denean hasiko dira ezagutarazten; emaitza ofizialak, abenduan. Emaitzak segitzeko sei gako, artikulu honetan.
Azken hamarkadetan, AEBetako hauteskunde presidentzialetako inkestek garaile argi bat erakutsi izan dute, eta kasu askotan, asmatu ere bai. Baina ez beti: 2016an, hauteskundeen atarian ez zen inola ere aurreikusten Donald Trump errepublikanoa izango zela garaile. Gero, bai, 2020an Joe Bidenen garaipena iragartzen zuten, baina izan zena baino marjina dezente txikiagorekin.
Orain, han eta hemen irakurrita, badirudi inork ez duela zirt edo zart egiten; Kamala Harrisek "inpultsoa" hartu duela nabarmentzen dute guztiek, baina hitzez hitz esan gabe bera dela hautagai nagusia.
AEBetako hauteskunde presidentzialaren nondik norakoak, azalpen gisa, puntuz puntu:
1/ Hauteskunde sistema: winner-takes-all (irabazleak dena irabazten du)
Ameriketako Estatu Batuetako presidentea ez da hautatzen osotasunean boto kopuru handiena jaso duelako, baizik eta 50 estatuen kolegioen sisteman gailendu delako. Estatu bakoitzak ordezkari kopuru jakin bat du –Kaliforniak, esaterako, 54 ordezkari ditu, eta Wyomingek hiru–, nagusiki biztanle kopuruaren arabera banatuta, baina baita ohitura edo tradizio historikoari jarraituta ere.
Estatuka banatutako hauteskunde sistema da: Kalifornian boto bakar bategatik irabazten badu hautagaietako batek, horrek eramango ditu ordezkari guztiak, Kaliforniak dituen 54ak. Boto guzti-guztiak hautagai batek jasoko balitu ere, edo dena delakoa aldea aterako balio ere besteari, berdin dio: 54 ordezkariak, berarentzat. Winner-takes-all deituriko sistema da ("irabazleak dena irabazten/jasotzen du"). Horrexegatik, hauteskundeak dauden aldiro, eztabaida sortzen da han, sistemaren antolaketa medio.
538 ordezkari hautatuko dira guztira. Emaitzak ofizialak direnean, ordezkari horiek elkartu eta bozkatu egingo dute ordezkatzen duten presidentegaiaren alde. Hori da ordezkarien funtzioa; hau da, ez dute kongresu edo senatu bat osatuko –senatua hiru zatitan berritzen da, hiru hauteskunde alditan–.
538 ordezkari guztira; beraz, 270 lortzen dituenak irabaziko ditu hauteskundeak, eta bera izango da AEBetako presidentea.
2/ Eta berdinketa balego?
Badago aukera 269nako berdinketa gertatzeko, bikoitia baita hautesle kopuru orokorra. Kasu horretan, estatu bakoitzeko ordezkari banarekin Ordezkarien Ganbera deituriko talde bat sortuko litzateke, eta bozkatu egingo lukete bietako baten alde. Beraz, Kalifornia, Wyoming eta estatu guztiek pisu bera edukiko lukete bigarren bozketa horretan.
3/ Estatu batzuetan, (ustez) zalantzarik ez
Demokratak izateko tendentzia dute ondorengo estatuek: Kalifornia, New York, New Jersey, Illinois, Hawaii, Oregon, Washington, Minnesota, Colorado, Mexiko Berria, Massachusetts, Virginia, Maryland, Rhode Island, Connecticut, Columbiako barrutia, New Hampshire, Vermont eta Maine.
Errepublikarrak, berriz, hauexek: Texas, Florida, Ohio, Tennesse, Kentucky, Indiana, Hego Carolina, Missouri, Kansas, Louisiana, Alabama, Ipar Dakota, Hego Dakota, Wyoming, Idaho, Iowa, Arkansas, Alaska, Oklahoma, Misisipi, Utah, Mendebaldeko Virginia, Montana, Nebraska eta Maineko bigarren barrutia.
Normalki horrela lerratzen dira estatu horiek. Hauteskunde hauetan ere horrela izaten bada, demokratek dagoeneko 225 konpromisario lituzkete eta errepublikanoek 219.
4/ Estatu erabakigarriak, gainontzeko zazpiak
Goian aipatutakoak alde batera utzita, gainontzeko zazpi estatuetan egongo da bataila. Begi guztiak horietan daude ipinita.
Zazpietatik hiru, bloke batean sar daitezke: Pensilvania (19 ordezkari banatzen ditu), Michigan (15) eta Wisconsin (10). Historikoki demokraten alde bozkatzeko tendentzia izan badute ere, 2016an irauli egin zen: hirurak Trumpen alde lerratu ziren, boto oso gutxiren aldeagatik. Baina hauteskunde sistema horrelakoxea denez, aurrez azaldu bezala, hiru estatu horietako ordezkari guztiak errepublikanoentzat izan ziren.
Ekonomia eta energia krisi betean, iparraldean dauden hiru estatu horietan frackingaren aldeko proposamena aurkeztu zuen Trumpek, zeinak ekonomia berpiztea ekarriko zukeen haren hitzetan, eta arrakasta ekarri zion proposamenak. Joe Biden demokratak hiru estatuak berreskuratu zituen 2020an, baina gutxigatik hor ere.
Aurreko hiruren kontrara, tradizio luzez errepublikanoak izandako bi estatu, Georgia (16) eta Arizona (11), demokraten eskuetan geratu ziren duela lau urte. Analista zenbaiten arabera, azken hamarkadan hara emigratu dute estatubatuar askok beste estatuetatik, gazte ugarik, eta demokraten aldeko joera dute.
Bestalde, errepublikanoen alde egin du ia beti –Obamaren eta Carterren garaian salbu, 2008an eta 1976an– Ipar Karolinak (16 ordezkari). Geroz eta gehiago ari dira hurbiltzen, ordea, demokratak. Eta justu kontrakoa gertatzen ari da Nevadan (6 hautesle): demokraten alde egin dute azken zortzi hauteskundeetatik seitan, baina Trumpen diskurtsoa hedatzen ari da.
Azkenik, Nebraska estatuko bigarren barrutiari (ordezkari bat) erreparatu behar zaio. Mainekin batera, bi estatu horiek dira haien ordezkariak barrutika banatzen dituzten bakarrak. Nebraskan, nagusiki, errepublikanoen alde bozkatzea espero da, baina baliteke, antza, bigarren barrutian demokratak gailentzea. Balizko berdinketa kasuan, Nebraskaren ordezkari bakar hori gakoa izan daiteke.
5/ Noiz jakingo dira emaitzak?
Estatu bakoitzak bere jarduteko manera duenez, kaos handia egon ohi da jendea datu ofizialen esperoan dagoenean. Tartean, posta bidezko botoa atzeratuta jasotzen dute hainbat estatutan, eta horrek atzerapena eragiten du. Datu ofizialak abenduaren erdialdean eduki ohi dira. Aurrez, proiekzioekin –normalean ziurrak direnak– egin ohi da lan. Emaitza ofizialki jakinaraziko da urtarrilaren 6an, Kongresuan.
Lehen proiekzioak Euskal Herrian gauerdia denean ezagutaraziko dira.
6/ Azken inkesta New York Times egunkariak
Azaroaren 3an, igandean argitaratu da hauteskunde aurreko azken inkesta. New York Times egunkariak egin du Siena College-kin batera.
Aipaturiko zazpi estatu erabakigarrietatik sei irabaziko lituzkete demokratek eta Kamala Harrisek, eta beraz, 293 konpromisario eskuratuko lituzkete, erraz gaindituta 270eko langa. Dena den, aldea oso apala da: boto-portzentaian, puntu bakarreko diferentzia Georgian eta Pensilvanian, bi puntukoa Ipar Carolinan eta Wisconsinen, eta hiru puntukoa Nevadan. Inkesta horren arabera, zazpi estatu erabakigarri horietatik Arizonan soilik irabaziko lukete errepublikanoek eta Donald Trumpek, lau puntuko aldea aterata.