Herritarren baimenik gabe posta elektronikora, Whatsappera edo sare sozialetara hauteskunde-propaganda bidaltzeko lege proiektua bultzatzen ari dira Espainiako Estatuan. Beste erakunde eta enpresentzat debekatuta dagoen datuen erabilera egiteko aukera izango lukete alderdiek, legea onartzean.
Datuen Babeserako Lege berri baten tramitazioaz informatu du ElDiario.es hedabideak eta bertan irakurtzen denez, Espainiako gorteetan ordezkaritza duten alderdi guztiek babestu dute hauteskunde-propaganda herritarren gailu digitaletaraino bidaltzeko aukera ematen dien egitasmoa.
Edozein komunikazio-bide zuzen erabili ahalko lukete alderdiek propaganda bidaltzeko, tartean Whatsapp bezalako mezularitza zerbitzuak, posta elektronikoa eta sare sozialak.
Lege berriaren 58 bis artikuluaren hirugarren puntuan irakurtzen denez, alderdiek eskubidea izango dute hauteskunde garaian “bide elektronikoetatik edo mezularitza-sistemetatik” euren propaganda bidaltzeko eta hori egitea ez da hartuko komunikazio komertzial gisa.
Gainera, lege proiektuaren arabera, alderdiek baimenduta edukiko lukete datu pertsonalak biltzea, herritarren iritzi politikoen inguruko profilak osatu ahal izateko.
Alderdiek ez al dute Europako legea bete behar?
Datuak horrela erabiltzea debekatuta dago Europar Batasunean Datuen Babeserako Araudi Orokorra indarrean sartu zenetik, enpresen komunikazio komertzialetarako behintzat. Baina hauteskunde-kanpainetarako salbuespena gehituko balitz, alderdiek aukera izango lukete beste guztientzat debekatuta dagoen datuen erabilera egiteko.
Proiektuak zeresana eman du eskubide digitaletan adituak diren pertsona eta kolektiboengan eta batzuk Cambridge Analyticaren eskandaluaren parekotzat jo dute.
Senatuan helegiteren bat aurkezteak bakarrik atzeratu dezake legea indarrean sartzea, orduan Espainaiko Kongresuak onartu beharko lukeelako, baina oraingoz senatariek aurkeztutako 32 helegiteetatik bakar batek ez du lortu gainontzeko taldeen babesik. Akordio falta horren erruz, 2019ko hauteskundeetarako alderdi politikoek aukera izango dute profil ideologikoen araberako hauteskunde-propaganda bidaltzeko.